Bi urte eta erdiko lozorrotik itzartu, eta eztanda egingo du ostera Kilaueak, bihar

Aritz Maldonado 2018ko urt. 18a, 09:45

2015eko irailean Imperial State Electric talde suediarragaz Bilboko Kafe Antzokian eskaini zuen Kilauea laukoteak orain arte beraien azken kontzertua izan dena. Arrazoi pertsonal eta laboralen ondorioz geldi egon ostean, bihar kontzertua eskainiko dute Elorrioko Ateneon; AteneON ekimenekoen deiak piztu du sua.

“Itzulera egongo zela argi genuen, baina berpizte honetan zerikusi zuzena izan du AteneON ekimenak. Indarra eman digu, eta gure planak aurreratzea eragin du”, azaldu dute taldekideek. Behin martxan jarrita, epe luzerako planak ere egin ditu rock taldeak. 2018ko euren helburu nagusia beraien hirugarren lana izango dena grabatzea eta kaleratzea da. “Inoiz baino gogo gehiagogaz gatoz. Entsegu lokalean sartuta gaude lan berria prestatzen, eta diskoa grabatzea da gure helburua. Bitartean, ahalik eta kontzerturik gehien emango ditugu”, adierazi dute. Gogotsu itzuli arren, ez dute presagaz ibili gura. “Estudioa zapaltzea dugu helburu, baina ez dugu plan zehatzik, gauza bakoitza bere momentuan etorriko da, eta argi dugun gauza bakarra Rock&Rolla da”, esan dute.

Kilauea 2010ean jarri zuten martxan Ioritz Alejok (gitarra eta ahotsa), Jokin Larreak (bateria) eta Jon Revillak (gitarra). Baxua jotzeaz Asier Alejo arduratzen da orain. “Oso ondo egokitzen ari da taldera, eta espero dugu urte askotan horrela izatea. Geu Gara Kilauea”. Zortzi urte hauetan bi disko kaleratu ditu laukoteak, biak autoekoiztuak. 2011. urtean Rock izenekoa lehenbizi, eta 2014an Sonic Chaos kaleratu zuten. Eskandinabiar ukituko rock doinuak jorratu zituzten bertan.

Ateneoko taula Mocker´s-eko lagunekin partekatuko du Kilaueak itzulerako kontzertu honetan. “Asko pozten gaitu Mocker´s-eko gure lagunekin jotzeak,harreman oso ona baitugu bi taldeen artean”. 2011. urtean kontzertu sorta eskaini zuten bi taldeek elkarregaz, eta ordutik oroitzapen ona dute guztiek. “Garai hartan kontzertu batzuk lotzen lagundu ziguten, eta oso berezia da guretzat berriz beraiekin elkartzea”, dio Ritxi Blanco Mocker´s-eko kideak. Hirukote durangarra iaz kaleratu zuten Beats of Freedom aurkezten ari da. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!