“Bost kontinenteetako txanponak ditut gordeta; Europako herrialde guztietakoak eta Amerikakoak ere bai”

Aitziber Basauri 2018ko urt. 14a, 10:30

Elorrioko dendetan pezetekin ordaintzeko aukera dago oraindik, urtarrilaren 31ra arte. Tona bat pezeta ditu bertako Jabier Usabelek (Abadiño, 1947), baina ez du asmorik horiek erabiltzeko. Duela 40 urte eta kasualitatez hasi zen pezetak batzen bildumazale hau. Antzinako objektuak eta munduko makina bat txanpon ere gordeta ditu.

Makina bat hedabideren ikusmina eragin duzu pezetekin joan den urte amaieran.
Bai. Pezeten kontu honegaz kokoteraino nago! (barrez). Abenduan eta urtarrilean Elorrioko dendetan pezetekin ordaintzeko aukera dagoela-eta sortu da istorio guztia. Ez dakit nola izan duten nire berri!

Ingurukoek, lagunek, esango zizuten zerbait.
Ezaguna naiz Elorrion eta makina bat gauza esan didate.  Adarra jo didate, bai, baina ez dit ardura.

Noiz hasi zinen, bada, pezetak gordetzen?
Izango dira 40 urte. Hala ere, aspaldian ahaztuta eduki ditut nik pezetak.

Eta nolatan hasi zinen?
Okindegira ogia erostera joanda okinak ematen zidan eskuartekoa gordetzen hasi nintzen, pezetak gordetzen. Gero, lagunak ere hasi ziren poltsakadatxoak ekartzen. Hala hasi nintzen pilatzen.

Kasualitatez, beraz? Zenbat dituzu gaur egun?
Bai, kasualitatez. Zaku baten sartzen hasi nintzen, baina denak sartzen ez zirenez, bidoietan sartzen hasi nintzen. Gaur egun, tona bat pezeta izango dut, gutxi gorabehera. Hiru bidoi ditut beteta. Horietaz aparte, baditut beste batzuk ere. Horiek sailkatuta: bost ogerlekoko txanponak ditut, adibidez. 1944ko eta 1947ko txanpon gutxi batzuk ere baditut, Francoren garaikoak, eta 1966. urteko hainbat. Juan Carlos erregearen irudia duten txanponak ere mordoa ditut.

Euro batzuk egingo dituzte pezeta horiek guztiek...
285.000 pezeta inguru izango ditut; 1.700 euro inguru.

Ez duzu inoiz euroengatik aldatzeko gogorik izan?
Egia esan, ez. Zakukada bat bete nuenean pentsatu nuen diru hori, pilatutako pezetak, urtu eta neure busto bat egitea. Baina dirua ezin dela suntsitu esan zidaten, eta ideia baztertu nuen. Harrezkero ere jarraitu izan dut pezetak batzen, gaur arte!

2020ra arte baduzu oraindik aukera Espainiako Bankuan pezeta horiek euroengatik aldatzeko.
Bai, baina orain arte ere ez ditut aldatu, eta hortxe gedituko dira.

Txanponez ari gara, baina paperezko dirua ere badaukazu gordeta, ez da horrela?
Bai. Hala ere, ez dut diru-paper askorik. Pezeta batekoak ditut — 1953koa eta errepublika garaikoa, adibidez—,  eta bost pezetako beste bat, 1948an landutakoa. Horrez gainera, hamar pezetako billeteak ere baditut, 1935ean sortutakoak, eta 1954an landutako 25 pezetakoa ere bai. 100 pezetakoak ere baditut hainbat; 1928an, 1953an eta 1965ean landutako diru-paperak dira horiek. 500ekoren bat ere gordeta daukat.

Bildumazalea zara? Bestelako gauzarik baduzu gordeta?
Bai. Antzinako hainbat gauza ditut gordeta. 20 bat buztarri, arotzeriarako antzinako tresnak, argazki-kamera zaharrak, plantxak, kanpaiak, elizan banatzeko ostiak egiteko gailua, goldea, garai bateko elektrizitateko tramankuluak, irratia zaharrak…. nik aurkitutakoak dira batzuk, eta besteak lagunek eta ezagunek emandakoak. Munduko hainbat herrialdetako txanponak ere baditut.

Munduko txanponak?
Munduko bost kontienenteetako txanponak gordetzen ditut; herri guztietakoak igual ez, baina ia. Europakoak herrialde guztietakoak, eta Amerikakoak ere bai.

Zeuk ekarritakoak dira denak?
Asko, bai! Beste batzuk lagunek ekarritakoak dira. Urte bi bizi izan nintzen Venezuelan, eta Ipar Amerikan eta Hego Amerikan asko ibilitakoa naiz. Afrikan ere bai (Kenian, Tanzanian eta Zanzibarren), eta Europan: Islandian, Italian, Frantzian, Alemanian, Belgikan, Holandan…

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!