Egun, 20 pertsonak baino gehiagok osatzen dute talde hori. Iaz, Elorrioko taldeekin osatu zen programazioa, eta edukitako arrakasta ikusita, aurten anbizio gehiago edukitzea erabaki dute. “Iaz oso giro ona lortu zen, aurten Durangaldeko taldeetara zabaldu dugu, eta baita inguruan ikusi ditugun beste proposamen interesgarri batzuetara ere”, azaldu du Gorka Molerok.
Bihar, abenduak 22, Borrokan eta Sofa taldeek eskainiko dute kontzertua, eta datozen asteetan Nebrashka, Mocker´s, Kilauea, Seiurte, Vulk, Anita Parker eta Cecilia Payne talde eta artistak igaroko dira Ateneoko taulatik. Sarrerak bost euroan salduko dira.
Inauteriak, aitzakia
Animal Fest lelopean, festa berezia antolatu dute ekimeneko kideek otsailaren 10erako. Mozorrotuta joateko deia egin dute, gainera. “Inauterietako zapatua musika ardatz izango duen jai parte-hartzaile bat antolatzeko aitzakia ederra izan daitekeela ikusi dugu”.