Elorrioko trenbide zaharra bidegorri bihurtuko dute

Maialen Zuazubiskar 2017ko abe. 18a, 13:30

Asteon hasiko diren lanak udaberrirako bukatzea aurreikusi du udalak.

1975ean azken trena Elorrioko geltokitik irten zenetik bide horren zati bat "ahaztuta" egon dela jakitera eman du Elorrioko Udalak. Prentsa ohar bidez jakitera eman dutenez, orain arte, lur horiek Adif enpresaren jabetzako ziren, baina, udalak eta enpresak sinatutako akordioari esker lurrak Elorrioko Udalarenak izatera pasatu dira. "Adif-en jabegokoak ziren lurrak elorriarrenak izango dira aurrerantzean", adierazi du Idoia Buruaga alkateak.

Udaberrirako bukatzea aurreikusi dituzten lanei esker elorriarrek autakarabana gunetik San Agustin auzora arte bidegorria izango dute. "Datorren urtetik aurrera herrigunetik abiatu eta basoan barrena joango den bidegorri bat izango dugu herrian. Albiste oso pozgarria da elorriarrentzat", esan du Buruagak.

1975ra arte martxan egon zen trenak tunel ilun bat gurutzatzen zuen ibilbidean zehar, eta udalak jakitera eman duenez hori atontzea izango da erronketako bat. Hori horrela, eguzki energiaz elikatzen diren LED argiak jartzea aztertzen dabiltzala adierazi dute. Horrez gain, bidea atondu eta ibilbide guztian seinaleak jarriko dituzte. "Helburu nagusietako bat inguruaren nortasuna ahalik eta gehien errespetatzea izango da", bukatu du alkateak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!