Elorrioko Parra Tabernak denboraldiko lehen garaipena oparitu gura die zaleei

Joseba Derteano 2017ko abe. 15a, 13:30

Elorrioko Parra Tabernak bere historiako lehenengo denboraldia du Bigarren B Mailan. Iaz Bilbok maila horretan libre utzitako lekua baliatzea erabaki zuten, erronka berrien bila zebiltzalako. Eta desafioa itzela dela konturatu dira. Liga erdira heltzear, azkenengo daude, garaipen barik eta hiru puntugaz. Goliath ziren eta David bihurtu dira.

Bazekiten hori gertatuko zena, baina gauza bat da jakitea eta beste bat sentitzea. Porrotak kudeatzen eta frustazioei aurre egiten ikasi behar izan dute. Asteburuan lehen itzuliko azken partidua jokatuko dute Elorrion, sailkapenaren behealdean dabilen talde baten kontra, eta 2018a indarberrituta hasteko behar duten abiapuntua izan daiteke.

“Taktikari eta estrategiari dagokienez, alde handia dago maila berrian. Hori berdintzea gaitza da, lan handia egin beharra dago eta gure jarrera ez da egokiena izan batzuetan”, onartu du Iker Saenz de la Cuesta entrenatzaileak. “Kantxatik kanpora talde batua gara, giro oso ona dugu, baina barruan, jokoan, kosta egin zaigu. Oso lehiakorrak gara eta, esango nuke, horrek mesede baino kalte egin duten erabakiak hartzera eraman dituela jokalari batzuk partiduetan. Uste dut arazo hori konpondu dugula, baina bidean puntuak utzi ditugu”, gehitu du.

Lehenengo garaipena gertu izan dute partidu baten baino gehiagotan, baina azken unean ihes egin die. “Beharbada hiru puntuak gertu ikusteak apur bat beldurtu egingo gintuen”, adierazi du Saenz de la Cuestak. Lesioekin ere ez dute zorterik izan. Lesio dezente izan dituzte eta, ondorioz, partiduetan aldaketak egiteko aukera gutxi. “Hala ere, aurrekari horiek garaipena ez dagoela hain urruti erakusten digute. Izaera lehiakorra dugu. Sailkapenak islatzen duena ez dela gura benetako maila uste dut”, gehitu du.

Lehen garaipenaren bila
Asteburuan Zaragozako Nuestra Señora del Portal taldeak bisitatuko du Elorrioko kiroldegia. Hauek  ere sailkapenean estu dabiltza eta azken hirugarren daude. Lesioen handicap eta guzti, elorriarrak eginahalak egiteko prest daude lehenengo garaipena eskuratzeko. “Sarritan garaipen batek emaitza boladak aldatzen ditu. Iaz Santurtzik bost bat puntu zeramatzan Gabonetan, eta gero mailari eustea lortu zuen. Beraz, ez dugu hain erraz etsiko. Hirugarren Mailara heltzea ametsa izan zen, han hainbeste urtez mantentzea ere bai, eta orain beste amets batengatik borrokan gabiltza. Mailari eustea lortuko dugun? Ez dakit. Gure helburua pausorik pauso gure maila hobetzea, irudi ona eskaintzea eta Elorrion zaleei kalitatezko areto-futbola eskaintzea dira”, esan du.

500 bazkide
Elorrioko zaleek aurten taldeari erakutsi dioten babesa eskertzeko modua litzateke garaipena. Lehenengoz bazkide kanpaina abiatu dute gastuei  (joan-etorriak, epaileak…) aurre egiteko, 300era heltzea jarri zuten helburutzat eta 500 lortu dituzte. “Herri txiki batean eta areto-futbol talde batean hainbeste bazkide lortzea sekulako sorpresa pozgarria izan da”, dio Saenz de la Cuestak.

Bazkideekin batera babesle berriak lortu dituzte eta denei esker oneko daude.

_______________________________________________________________________________________

UNAI ARREGI MAÑARIKUA (Elorrio, 1996)

Futbolean eman zituen bere lehenengo pausoak eta gazte mailan hasi zen areto-futbolean.  21 urtegaz, etorkizuneko taldeko zutabeetakoa da.

Uste zenutena baino erronka gaitzagoa izaten ari da?
Esperientzia falta arazo bat da. Hirugarren Mailatik Bigarren B Mailara alde handia dago. Aurkariek falta normal bat gol bilakatzen dute eta horri buelta ematea kosta egiten da.

Emaitzek taldearen animoari erasaten diote?
Momentu onak eta txarrak, bietarik izan dugu. Txarretan talde izaera handiagoa erakutsi behar dugula uste dut. Beharbada partiduetako une batzuetan indibidualismoa nagusitu da taldearen gainetik. Hobetu beharreko jarrera batzuk badaude. Elkartasuna landu behar dugu. Iker entrenatzaileak ere lehenengo egunetik hori hobetu gura zuela esan zigun.

Asteburuan sailkapenean hain urrun ez dagoen talde baten kontra jokatuko duzue. Garaipena opari polita litzateke klubeko 500 bazkideentzat.
Bai horixe. Garaipena gertu egon daiteke. Diozun moduan,  Zaragozako taldea ez dago sailkapenean gugandik oso aparte. Guk dakiguna ateratzen badugu aukerak izan ditzakegu. Garaipena heltzear dagoela sentitzen dugu. Une batzuetan gertu izan dugu, gainera. Detailetxo batzuk hobetuz gero, hortxe egon daiteke.

Garaipen bat taldeak behar duen pizgarria izan daiteke?
Bai, izan daiteke. Sarritan garaipen batek egoerak eta dinamikak aldatzen ditu. Emaitza on baten ostean beste batzuk heldu daitezke. Gu ilusio eta motibazio horregaz entrenatzen gara astero-astero.

_______________________________________________________________________________________

ARKAITZ LOPEZ BERNALTE (Elorrio, 1991)

Elorrioko Buskantza klubean urterik gehien daramatzan jokalarietakoa da. Beteranoa, bere gaztetasunean. Garaipen batek beren aukeretan sinesteko optimismo dosia eskainiko liekeela uste du.

Uste zenutena baino erronka gaitzagoa izaten ari da?
Bagenekien lana lepo egin behar genuela eta lan handia egin dugu taldearen maila hobetzeko. Hala ere, espero genuena baino erronka handiagoa da. Aurkariek estrategia oso landuta dute. Gu ere apurka-apurka hobetzen ari gara.

Garaipenik ez lortzeak antsietatea eragiten du jokalariengan?
Ezetz uste dut. Argi geneukan oso denboraldi konplikatua izango zena eta talde batua izan behar ginena. Hori lortu dugula uste dut. Giro ona  dugu taldekideen artean, ondo konpontzen gara eta hori funtsezkoa da aurrera egiteko.

Talde batua zaretela diozu. Kantxa barruan elkartasun hori falta izan da une batzuetan?
Egia da batzuetan urduritasunak sortzen direla irabazi egin gura dugulako. Baina kantxan gertatzen dena han geratzen da. Azken batean, lagunak gara.

Asterik astera ilusioari eustea kosta egiten da?
Ilusionaturik gaudela uste dut. Zaragozan eta antzerako tokietan jokatzeko aukera dugu eta esperientzia horiek aberasgarriak dira denontzat.

Asteburuan Olentzero helduko ote da Elorriora?
Garaipena lortzea Gabonetako oparirik onena litzateke. Energia eta motibazio handia litzateke. Taldeak bere aukeretan gehiago sinesteko balioko lukeela uste dut. Zaleek ere merezi dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!