Aniztasun kulturalaren aldeko jaia egingo dute Elorrion, barikuan

Maialen Zuazubiskar 2017ko abe. 11a, 13:51

'Mundutik Elorriora, Elorriotik Mundura' dokumentalaren aurkezpena abenduaren 15ean egingo dute. Arriolan izango da, 18:30ean.

Elorrion aniztasun kulturalaren alde lanean jarraitzen dute, eta abenduaren 15erako 'Mundutik Elorriora, Elorriotik Mundura' jaialdia antolatu dute. "Elorrio herri irekia da, eta elkar bizitza eta bizikidetza duinago baten bila pausuak ematea beharrezkoa zen guretzat", adierazi du Txus Arrieta zinegotziak.

Urte hasieratik IPES fundazioa herriko kultur aniztasunaren inguruko diagnostikoa lantzen ibili da eta barikuko jaialdian, diagnostikoaren emaitzak eta ‘Mundutik Elorriora, Elorriotik Mundura’ dokumentalaren aurkezpena egingo dutela jakitera eman dute. Hala ere, Ruben Nieto eta Andrea Heuschwid IPES fundazioko kideek aurreratu dutenez, Elorrion 371 bizilagun berri daude eta dokumentalaren helburua nagusia Elorriora heldutakoei hitza ematea dela adierazi dute.

Bestalde, gaur egindako aurkezpenean Samira Benayad berebereak (Maroko) udalak egindako lana goraipatu du. "Atzerritarroi hitza ematea gauza handia iruditzen zait, elorriarrak hemen gaudela jakin dezaten", jarraitu du Benayadek. Horrez gain, 2009az geroztik Elorrion dagoen berebereak euskaraz ikasi, hitz egin eta horren aldeko apustua egitea ezinbestekoa dela aipatu du.

Idoia Buruaga alkateak, berriz, herritarrei barikuan, 18:30ean, Arriolan egingo den jaialdira joateko deia egin die. Bertan, diagnostikoaren berri emateaz gain, dokumentala ikusteko aukera eta Enekora musikariaren emanaldia egongo direla adieraziz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!