Dagoeneko ohitura bihurtu den lez, Buzkantz Jaiari odoloste txapelketa eginda emango diote hasiera. 12:00etatik 14:30era bitartean, herriko elkarte gastronomikoetan herritarrek txapelketako odolosteak dastatzeko aukera izango dute.
Antolatzaileek jakitera eman dutenez, azaroaren 29an Gazetako Lagunarte Elkartean epaimahai profesional batek aukeratutako 4 odoloste finalistak dastatzeko aukera izango dute herritarrek.
Horretarako, turismo bulegoan 11:00etatik 13:30era bitartean salgai egongo diren kupoiak eskuratu beharko dituzte, eta, ostean, 14:30 baino lehen, turismo bulegoan botoa emateko aukera ere izango dute. Kupoi bakoitzak 5 euroko balioa du, eta horietako bategaz 4 odoloste pintxo eta ardo beltza edo ura edateko aukera egongo da. Bestalde, Buzkantz Jaiko odoloste txapelketako sari banaketa herriko plazan izango da, 14:45ean. Bertan, herritarren botoen eta epaimahaiaren erabakiaren berri emango dute. Sukaldari hauek dira epaimahaikoak: Beñat Ormaetxea (Jauregibarria jatetxea), Iñaki Uribe (Saltsan katerin), Iñigo Kortabitarte (Kobika jatetxea), Iñigo Fuertes (Akebaso jatetxea) eta Eneko Ordorika (Zallo Barri jatetxea).
Horrez gain, abenduaren 8rako Buzkantz Jaiaren dela-eta, ekoizle eta artisauen azoka antolatu dute plazako frontoian eta elizako portikoan.
Pintxo bira
Bestalde, bihartik domekara bitartean, herriko hamalau tabernatan odoloste pintxoez gozatzeko aukera egongo da. Ondorengo taberna hauek parte hartuko dute udalak, Elorrioko Merkatari Elkarteak eta Iturrizoro Elkarteak antolatzen duten pintxo biran: Aterpek, Batzoki Amilibiak, Bikalek, Guriak, Leku Ederrek, Parrak, Portalekuak, Tangerrek, Toki Onak, Txokok, Urre-Berrik, Xarak, Xelaik eta Zubik.