“Guretzat orain hasi da denboraldia, eta partiduz partidu aurrerantz joan behar dugu”

Maialen Zuazubiskar 2017ko aza. 24a, 17:00

Denboraldi hasiera gogor baten ostean, Elorrioko nesken taldea sasoirik onena hartzen dabil berriz ere. Azken partiduetan, Elorrioko neskek maila izugarria erakutsi dute, eta aurkariak erraz menderatu dituzte. “Guretzat orain hasi da denboraldia, eta partiduz partidu aurrerantz joan behar dugu”, adierazi du Ibone Simon Pacheco Elorrio taldeko jokalariak (Elorrio, 1996).

Elorrioko nesken taldeak hirugarren denboraldia darama Euskal Ligan jokatzen, eta Simonek aitortu duenez, liga hasieran sailkapen nagusian aurrean ibiltzea helburu zuten arren, gauzak ez zaizkie gura izan duten moduan atera. “Aurredenboraldia ezin izan genuen geuk gura bezala egin. Orduan, horrek denboraldi hasieran eragin digula esan daiteke”, jarraitu du Elorrioko aurrelariak.

Hala ere, egindako hutsak aztertuz eta gogor lan eginez, Elorrioko taldea hasi da emaitza onak lortzen. “Gontzal Arana entrenatzaileak partidu guztiak aztertzen ditu, eta, ondoren, partiduetan egindako hutsei irtenbideak jartzen dizkio entrenamenduetan. Hori ezinbestekoa da emaitzak hobetzeko”, adierazi du aurten Elorrioko taldera itzuli den Simonek.

Duela lau urte, etxeko talde nagusiagaz Bizkaiko Ligan jokatzen zuen 21 urte baino ez dituen elorriarrak, baina futbol hamaika utzi eta areto-futbolera pasatzea erabaki zuen. Aurten, berriz, Elorrioko talde nagusira itzuli da. “Areto-futbola lagun arteko zerbait zen, jolas bat. Nik, berriz, seriotasun bat gura nuen, eta taldera itzultzea pentsatu nuen. Egia esan, ez naiz damutzen hartutako erabakiagaz”, bukatu du Simonek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!