Arginzonizen senitarteko eta lagunek domekako manifestazioarekin bat egiteko deia egin dute

Maialen Zuazubiskar 2017ko aza. 21a, 20:00

Azaroaren 26an, 13:00etan, 'Aritz sustarretatik atara barik' lelopean manifestazioa egingo dute Elorrion. Aurretik, berriz, bizikleta martxa egingo dute.

Aritz sustarretatik atara barik dinamikaren baitan antolatutako ekitaldiekin bat egiteko deia egin diete herritarrei Aritz Arginzoniz presoaren senitarteko eta lagunek. Gaurko prentsaurrekoan jakitera eman dutenez, Aritz Arginzoniz dagoeneko Frantziara eraman dute. "Hilaren 9an jaso genuen Valdemorotik Aritzen azken deia, eta Parisera trasladatuko zutela jakinarazi zigun", adierazi dute bere senitartekoek. 

Arginzonizi Espainian duen kondena 2018ko otsailean bukatzen zaion arren, abenduaren 18 eta 21 artean Aitzol Iriondo lasartearrarekin batera Parisen epaituko dute. "Aurrekaririk gabeko kasu baten aurrean gaude, eta horregatik mobilizatzeko deia egiten dugu", jarraitu dute Arginzonizen senitarteko eta lagunek. 

Hori horrela, domeka honetarako, Elorrion antolatu dituzten mobilizazioekin bat egiteko deia egin diete herritarrei. 10:00etan bizikleta martxa egingo dute. 13:00etan, berriz, manifestazioa Elorrioko plazatik hasita. "Herriaren indarrarekin tiratuko dugu Aritz sustarretara ekatzeko", bukatu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!