Estatuek "mendekuan oinarritutako" espetxe-politika egiten dutela salatu dute Arginzonizen senitartekoek

Maialen Zuazubiskar 2017ko urr. 30a, 20:12
Arginzonizen senitarteko, lagun eta EH Bilduko kideek parte hartu dute prentsaurrekoan.

Aritz Arginzonizek Espainian kondena bete ostean, abenduan Frantzian epaituko dutela salatu dute gaurko prentsaurrekoan bere senitartekoek. "Lehen aldia da, Espainian kondena bete ostean Frantziak euskal preso politiko bat epaituko duela", esan dute. 

Arginzoniz Espainiako Polizia Nazionalak 2008an atxilotu zuen, eta orduz geroztik, Espainiako hainbat espetxetan egon da. "Espainiako legeen arabera, Aritzek kalean egon beharko luke aspaldi; baina mendekuan oinarritutako salbuespen-legeria horrek 2018ko otsailean jarri zuen amaiera, teorian", adierazi dute honen senitartekoek.

Hala ere, 2016ko otsailean Arginzonizentzat zein bere ingurukoentzat dena aldatu zela adierazi dute prentsaurrekoan. "Aritz Valdemorora eraman zuten eta deklaratu baino ordu batzuk lehenago Europako atxilotze-agindu bat zela eta estraditatu egingo zutela jakinarazi zioten". Arginzonizek bost hilabete Parisen, Fleury Merogis espetxean eman zituen eta 2016ko irailean, berriro Espainiara bidali zuten. Orduz geroztik, Huelvako espetxean dago, Elorriotik 980 kilometrora. 

Gaurko prentsaurrekoan bere senitarteko eta lagunek salatu dutenez, Espainiako eta Frantziako estatuek "mendekuan oinarritutako espetxe-politaka eta epaiketen bidearekin jarraitzen dute". Eta hori horrela, hilabete honetan Arginzoniz Parisera eramango dutela esan dute; abenduaren 18 eta 21 artean Aitzol Iriondo lasartearrarekin batera epaituko dute. "Hori gutxi balitz, 2018ko otsail hasieran Espainiak berriro gatibu izan nahi du", jarraitu dute bere senitartekoek. 

Espetxe-politaka horrekin bukatzeko elorriarrei eta Euskal Herriko herritarrei antolatu dituzten ekimenetan parte-hartzeko deia egin diete. Azaroaren 26an, 'Aritz Arginzoniz sustarretatik atara barik' lemapean manifestazioa egingo dute Elorrion. Abenduaren 9an, Bakegileek Parisera antolatutako martxarekin bat egingo dutela jakitera eman dute. Eta abenduaren 18an, Parisera, epaiketara babesa ematera joango direla adierazi dute. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!