Azaroaren 25a

“Gaixotasunaren edozein sintoma estigma iturri bihurtzen da, ezkutatu beharrekoa”

Aitziber Basauri 2017ko aza. 19a, 10:30

Bularreko minbiziaren eta genero biolentziaren arteko erlazioa azalduko du Ana Porroche Escudero antropologo feministak datorren azaroaren 21ean, Elorrion. Udaletxeko aretoan emango du hitzaldia, 18:30ean. Bularreko minbiziaren inguruko erakusketa ere jarri dute ikusgai Iturri kultur etxean.

Nola bizi dituzte andrek bularreko minbiziaren ondorioak?
Bularreko minbiziaren gaur egungo diskurtso nagusia zurrunegia da. Horregatik, arriskua du bat ez datozen pertsonak isilarazteko, baztertzeko edo estigmatizatzeko. Hainbat kolektibo ikusezin egiten ditu: lesbiana, gay, transexual, bisexual eta intersexualak (LGTBI), metastasia dutenak eta emakume nagusiak. Gaixorik dauden edo bizirik irten direnen proposatutako ereduak sexualitate zurrun eta eskuraezina islatzen du, eta eredu horretan argal egotea, hiperfeminitatea, heterosexualitatea, gaztetasuna, osasuna eta  gorputz-simetria dira ideala. Horrek erotu egiten ditu emakume heterosexualak, ez direlako eredu horren barruan sartzen, baina LGTBIak isildu egiten ditu. Bestalde, bularreko minbiziaren kanpaina guztiak andra gazteei daude zuzenduta, nagusiak ikusezin bihurtuz. Paradoxa da, bularreko minbizia izateko arriskua adinagaz batera gora doanean. Gaixotasun hau andra gazteen kontua den kontzientzia faltsua sortzen laguntzen dute.

Zein ondorio eragin du horrek?
Gaixotasunaren benetakoa ez den irudi bat zabaldu da, eta horren alderik krudelena minbizidun gaixo perfektuaren sindromea da. Hau da oinarrian dagoen ideia: osasunagaz eta generoagaz lotutako arau sozialak betez gero, gaixotasuna kontrolatuko dugu. Andren kasuan, super-emakume bat irudikatzen  da, alaia, pentsaera baikorra duena eta jarrera alai eta sexia. Gaixotasunaren edozein sintoma estigma iturri bihurtzen da, ezkutatu beharrekoa.

Kulpa sentimendua sortzen da?
Errudun sentitzen dira ideal horretara ezin direlako heldu, eta orduan azaleratzen da gaixo perfektuaren sindromea; ematen du gaixo txarrak direla. Paziente perfektua bizirik irauten tematuta dago, eta zuzendu ezineko baikortasunak hilkortasuna ukatzen du. Horrek heriotzari buruzko tabuak indartzen ditu eta ia ez dira ikertzen metastasiaren inguruko zenbait gai —harritzekoa, minbizi horrek milaka andra hiltzen ditu-eta—. Urri arrosaren ospakizunetan pertsona hauek arrotz sentitu daitezke, hilkortasuna sinbolizatzen dutelako. “Borrokak” eta halako terminoek metastasia dutenak estigmatizatzen eta baztertzen ere lagundu dezakete, ulertzen delako hiltzen diren pertsonak galtzaileak direla, ez dutelako minbizia menderatu.

Begizta arrosagaz lotutako kanpainekin kritikoa zara.
Autokritika egiteko garaia dela uste dut. Izan ere, kanpaina hauetan ez da informazio osoa ematen. Mamografia-bahetzearen aldeko informazio partziala ematen da, minbiziaren industriaren urrezko arrautzen oiloa delako. Hainbat interes daude atzetik. Bahetze programetan parte hartzeko eta norbera miatzeko —lehen mailako prebentziorako metodoak— esaten zaie emakumeei. Baina hilkortasuna jaisteko eraginkortasunaren inguruko eztabaida zientifikoa ez da aipatzen, ezta albo-efektuak ere; tartean, andrei inoiz osasun arazorik eragingo ez lieketen minbizien gain-diagnostikoa eta gain-tratamendua. Beharrezkoa ez den antsietatea, positibo faltsuak eta proba egitean bularreko mina alboratzen dira. Bada beste arrisku bat: mamografia minbiziaren kontrako antidoto moduan kontzeptualizatu da. Hurrengo bisitara arte “salbu” daudela uste dute andrek. Argitu behar den okerra da hori. 

Minbiziari aurre egiteko, heziketa eta informazio eredua aldatu behar dela uste duzu?
Noski. Gogoeta eta gaitasun kritikoa bultzatzen dituen heziketaren eta informazio eredu baten aldekoa naiz, osasunaren inguruan erabakiak hartzeko autonomia errazteko. Horretarako, informazioa zehatza, garrantzitsua eta ulergarria izan behar da, ebidentzia zientifikoan oinarritua. Askotan nahastu egiten dira detekzio goiztiarra eta lehen mailako prebentzioa, adibidez. Oso garrantzitsuak diren kontzeptu oso desberdin bi. Lehen mailako prebentzioak tumorea gorputzean azaltzea saihesten laguntzen du; detekzio goiztiarrak, tumorea ahalik eta azkarren aurkitzea, ez garatzeko eta tratamenduaren inpaktua minimizatzeko. Minbiziaren intzidentzian eta gaixotasunaren bizipenean eragiten duten determinatzaile sozialei buruzko kontzientzia politikoa ere behar da.

Osasun politikak behar dira gizartea hezteko?
Diziplinen eta sektoreen arteko premiazko osasun politikak behar dira lehen mailako prebentzioan. Osasun publikotik neurriak bultzatu daitezke ohitura osasuntsuen alde, baina osasun publiko hori eraginkorragoa litzateke minbiziaren prebentzioari pentsamendu sistematiko batetik helduko balio, gizarte zibilagaz eta askotariko departamenduekin sektore arteko aliantzak garatuz askotariko mailatan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!