Alberto Arteta Quintet jazzaren erreferentzia, bihar Ateneon

Aritz Maldonado 2017ko aza. 9a, 16:00

Azaroaren 19ra bitartean, jazz eta blues doinuak nagusituko dira Elorrion. Hogeita zortzigarren edizioa izango du aurtengoa Arriolako Jazz Blues Jaialdiak.

Gaur hasiko da jaialdia, Pelax eta Telmo Trenorren kontzertuagaz. Bihar, berriz, Alberto Arteta Quintet taldearen emanaldia egongo da Ateneon; boskotea erreferentziazkoa bilakatu da egungo jazzaren panoraman.

Jaialdiko barikuetan jazz doinuak dira Ateneoko protagonista; zapatuetan, berriz, bluesaren txanda da. Horretara egokitzen dute aretoa. “Patxadaz entzun behar dira jazz doinuak. Horretarako, aulkiak jartzen ditugu barikuetan”, dio Aitor Iriarte antolatzaileak. Zapatuan, hilak 11, Cadijo R&B Bandek eskainiko du kontzertua. Berriki, Belgikan Kristalezko Harmonika eman diote  musikari frantziarrari.

Ia hiru hamarkadaren ostean, jaialdiak ohiko filosofiagaz jarraitzen du. Alde batetik, jazz eta blues doinuen eskaintza anitza izatea. Bestetik, Euskal Herriko zein nazioarteko joeren erakuslea izatea. Ohi bezala, kontzertuak Elorrioko hiru aretotan izango dira: Ateneoan, gaztetxean eta Portalekuan. Azken bietan, domeketan izan ohi dira emanaldiak, jaialdia “kalera ateratzeko”, dio Iriartek.

Zortzi hitzordu
Jazz eta Blues jaialdiaren aurtengo edizioan parte hartuko duten zortzi taldeetatik sei Euskal Herrikoak dira. Herbehereetatik dator, berriz, Robert Smith Bluesband. Smith liderrak lau hamarkada daramatza hara eta hona Chicagoko (AEB) blues eskola zaharreko doinuak zabaltzen. Azaroaren 18an izango da emanaldi hau.
Domekan, Ghost Number & His Tipsy Gypsies donostiarrak arituko dira gaztetxean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!