Elorrio ikus-entzunezkoen eta parte hartzearen hiriburu bilakatuko da, hamabigarrenez

Aritz Maldonado 2017ko aza. 2a, 12:30

Ez dute erronka makala edukitzen Elorrioko 24 Ordu Digitalean lehiaketako parte-hartzaileek. Arriolan bildu, gaiaren berri izan, eta 24 orduren bueltan film bat pentsatu, grabatu eta editatu behar izaten dute; hori gutxi balitz, filmean derrigor erakutsi  behar dira antolatzaileek proposaturiko esaldi, objektu eta gai zehatzak.

24 Ordu Digitalean guztiz errotuta dago elorriarren artean, izan ere, hamabigarrenez egingo dute aurten. Iazko edizioan, hamalau taldek parte hartu zuten lehiaketan, eta horietako zortzi elorriarrek osaturikoak ziren. “Herriko taldeek ohitura dute astebururako plana urtez urte errepikatzea; guretzat oso garrantzitsua da ikus-entzunezko sorkuntzagaz lotutako ekimena herrian finkatuta ikustea”, diote antolatzaileek.

Elorrion eginiko film horiek, zapatuan, 22:00etan hasiko den emanaldian ikusi ahalko dituzte gero. Emanaldiari herriko antzerki talde batek eman ohi dio hasiera.

Lan horrek guztiak badu bere ordain ekonomikoa ere. Hiru finalistek sari ekonomikoa dute. Halere, saririk onena sortzen den giroa dela azpimarratu dute antolatzaileek .“Arazo teknikorik edo badago, bertan konpontzeko ahalegina egiten dugu, 24 orduko ahalegina pantaila handian gozatzeko plazerra guztiok izan dezagun” , gaineratu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!