“Paisaien argazkiak ateratzen ditut orokorrean; horrek erakartzen nau gehien”

Aitziber Basauri 2017ko urr. 30a, 09:02

‘Intxortan’ izeneko argazkiagaz saria lortu du Iratxe Bediagak (Elorrio, 1990) Anbotok antolatutako argazki lehiaketan. Durangaldeko argazkirik onena izan da berea. Mendizalea izanik, paisaiek erakartzen dute argazkia ateratzeko. Australian eta Birmanian zehar egindako bidaia batetik bueltatu da duela gutxi, hainbat argazkigaz.

Nola hartu duzu berria?
Ez nuen espero lehiaketa irabaztea, inondik inora! Sorpresa handia izan da. Lehenengoz aurkeztu naiz. Urtero parte hartzen duen lagun bat dut eta haregaz batera ni neu ere animatu naiz aurten.

Anboto ageri da, Intxortatik ateratako argazkian. Zein da argazki honen atzean dagoen istorioa?
Hiru lagun mendi buelta egitera irten ginen egun batean ateratako argazkia da. Argazkiak ateratzen hasita ikusi genuen irudi polita genuela aurrean, eta, konposizioa osatu eta paisaia osoa hartzen zuen argazkiaren bila joan ginen.

Argazkizalea zara?
Gustatzen zait argazkiak ateratzea, baina nik neuk ikusteko, gordetzeko. Ez naiz momentu oro argazki-kamera bategaz ibiltzen den  horietakoa.

Argazkilaritza ofizio moduan hartzeko asmorik baduzu?
Ez. Adibidiez, oporretan bizitako une horiek gogoratzeko modua dira argazkiak niretzat.

Zer behar du zuretzat argazki on batek?
Orokorrean, paisaiak gustatzen zaizkit. Paisaia argitsuak. Iluntzeak ere bai.

Mendizalea eta animaliazalea zara. Hori islatzen dute zure argazkiek?
Hala da, bai. Asko gustatzen zait mendira joatea, txakurragaz joaten naiz normalean, eta, orokorrean, paisaien argazkiak ateratzen ditut. Argazki mota horrek erakartzen nau gehien.

Duela gutxi Australian ere egon zara. Zerk eraman zintuen hara?
Australian eta Birmanian egon naiz. Denbora luzean izan dut gogoa horrelako bidaia luze bat egiteko, eta heldu zen momentua. Lana utzi eta hilabete kanpoan egitea erabaki nuen. Urtarrilean joan nintzen eta maiatz bukaeran bueltatu.

Zergatik aukeratu zenituen Australia eta Birmania?
Bakarrik nindoan eta, hasieran, beldur apur bat ere banuen. Australian familia daukat eta beraiengana joatea erabaki nuen. Gero gerokoak. Ez nuen denbora askorik egin beraiekin, egia esan. Segituan joan nintzen Birmaniara, hilabete pasatzera. Gero, Australiara bueltatu nintzen. Facebookeko taldeetako jendeagaz elkartuta, kotxe bat hartu eta hilabetean Australian zehar ibili nintzen.

Zerk erakarri zaitu gehien herrialde horietatik?
Naturari dagokionez, kontraste itzela du Australiak. Parke naturalak ere itzelak dira. Gerta liteke kilometroak eta kilometroak egin eta turista bat bera ere ez ikustea. Eta gasolindegi bat ikustea eta bertan gelditu beharra, hurrengoa non dagoen ez dakizu-eta. Natura. Hori nabarmenduko nuke Australian. Birmaniatik, berriz, jendeak erakarri nau gehien. Paisaiari eta naturari dagokienez ere ikusgarria da, baina, bertako jendea oso ona da.

Argazkiak aterako zenituen.
Bai, asko! (barrez).

Zein ekarpen egin dizu bidaia horrek?
Duela urtebete horrelako bidaia nik bakarrik egingo nuela esan bazidaten, ez nuen sinetsiko, inondik inora! Baina, konturatu naiz une oro dagoela norbaitegaz egoteko aukera, jende asko dabilela bakarrik bidaiatzen eta mundu guztiko jende mordoa ezagutzeko aukera ematen dizula horrelako bidaia batek. Oso gustura ibili naiz. Azkenean, ez dut izan tarterik bakarrik egoteko. Itzela izan da! Ikusi dut bakarrik ere moldatu gaitezkeela eta beti dagoela jendea laguntzeko prest, edo zugaz bidaiatzeko.

Bueltatuko zara?
Ikusiko dut!  Etorri nintzenean argi nuen bueltatuko nintzela, eta, ahalik eta arinen gainera. Hala ere, behin hemen egonda errutina batean sartzen gara... Dena den, ez dut baztertzen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!