“Gazteak dira herri honen etorkizuna. Hori dela eta, komeni zaigu gutxinaka-gutxinaka Elorrio hobe bat eraikitzeko erramintak gazteen eskuetan uztea”, adierazi du Idoia Buruaga alkateak.
Elorrioko Udalak adierazi duenez, datozen egunetan lantzen hasiko diren aurrekontu parte-hartzaileen bidez gazteen ahalduntzean laguntzea izango dute helburu.
Elorrion, aurten lehen aldiz, Gazteria Diagnotikoa landu du udalak 12 eta 20 urte arteko gazteekin. Bertan, 350 gazte inguruk parte hartu dute, eta prozesutik ateratako ondorio zein beharrak hurrengo urteetan gauzatzen joango den Ekintza Plan batean bildu dituzte.
Beraz, Elorrioko gazteek urte honetan zehar landu den Ekintza Planeko zenbait proiekturen artean beraien ustez zeintzuk garatu aukeratu ahalko dutela jakitera eman dute prentsa oharrean.
Nola parte hartu?
Elorrioko Udaleko kideek jakitera eman dutenez, herriko gazte guztiek edo gehienek aurrekontu hauetan parte hartzea dute helburu. Hori horrela, gazteengana heltzeko bide ezberdinak erabiliko dituztela jakitera eman dute.
Lehenik eta behin, udal ordezkariak herriko ikastetxe guztietara joango dira, ikasleei Gazteen Diagnostikoaren ondorioak eman eta aurrekontu parte hartzaileen prozesua azalduko diete.
Bestalde, herritik kanpo ikasten duten nerabeekin, zein 16 eta 20 urte bitarteko gazteekin azaroaren 2rako bilera adostu dutela adierazi dute. Arratsaldeko seiretan, udaletxean egingo duten bileran gazteei prozesuaren berri eman eta beraien parte hartzea bultzatzea izango dute helburu.
Horrez gain, Elorrioko Udalaren webgunean gazteen iritzia jasotzeko galdetegia ere eskuragarri egongo da. Hala ere, gazteek soilik erantzuteko neurriak hartuko dituztela jakitera eman dute, esaterako. Herriko gazte bakoitzari gutun bidez pasahitza helarazioko diete, horrela beraien iritzia eman dezaten.
Elkarteekin bilera
Bestalde, nahiz eta aurrekontu parte-hartzaileak gazteei bideratuta egon, 2018ko aurrekontuetan elkarte bakoitzaren beharrak islatzeko asmoz, Elorrioko Udaleko zinegotzi bakoitzak bere arloko elkarteekin bilerak egingo dituela jakitera eman dute.