Herrian dauden elkarteei tokia egin eta hauek ezagutarazteko 'Elkarteen Gida' kaleratu berri du Elorrioko Udalak herriko elkarteen laguntzagaz. 'Sentitu, gozatu, parte hartu eta bizi Elorrio' lemapean 50 orriko gida kaleratu berri dute.
Elorrioko udalak jakitera eman duenez, gida honen bidez, elkartetako kideek egiten duten lana balioan jarri gura izan dute. Eta horregatik, elkarte bakoitzari bere historia, ezaugarri... helarazteko aukera eman diete. "Kanpotik datozenek beti nabarmentzen dute Elorrion dagoen elkarte-sarea, eta egia da, Elorrion dauden elkarte eta eragile ugariek harro sentiarazte gaituztela. Udaletik eragile horiekin ahalik eta harreman estuena izaten saiatzen gara, eta gida hau beste pauso bat da", azpimarratu du Idoia Buruaga alkateak.
Horrez gain, 'Ikastaroen Gida' ere kaleratu dutela jakitera eman dute udaleko kideek. Gida honetan, udalak antolatzen dituen ikastaroak argitaratzeaz gain, herriko elkarteek antolatzen dituzten ikastaroak ere argitaratu dituzte.