Doble Capa bikote madrildarraren doinuek hasiko dute kurtsoa Arriolan

Itsaso Esteban 2017ko ira. 14a, 12:30

Doble Capa Madrilgo musikari bikoteak eskainiko du ikasturte berriko lehenengo zuzeneko emanaldia Elorrioko Arriola antzokian. Irailaren 16an, 20:00etan, izango da kontzertua. Bluesaren eta AEBetako 80ko hamarkadako doinuen eragina du bikoteak egiten duen musikak.

 

Duela bi urte sorturiko bikotea da Doble Capa, Arianne Piconek bateriagaz eta Mario Navajasek gitarragaz osatzen dutena. Suave con la canoa izenburua daukan euren lehenengo lana aurkeztuko dute madrildarrek Elorrioko zuzenekoan.

Antzerki emanaldi bat izango da Arriolan kurtso honetarako antolatu duten bigarrena. Irailaren 22an, 20:30ean, La novia de Don Quijote obra eskainiko dute Elorrioko antzokian.

Dulcinea protagonista

José Luis Estebanek idatziriko testuan oinarrituta, José Carlos Garciak zuzenduriko antzezlana da irailaren 22an ikusgai izango den La novia de Don Quijote. Mercedes Castro da obrako antzezle bakarra. On Kixoteren heriotzaren ostean, Cervantesek nobelan emandako paperaren kontra egingo du Castrok antzeztuko duen Dulcinearen pertsonaiak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!