Aurtengo aurrekontuetako obra nagusiak hasi ditu Elorrioko Udalak

Maialen Zuazubiskar 2017ko ira. 12a, 14:00

2017ko aurrekoentuetako proiektu garrantzitsuenak egiteko lanak martxan jarri dituzte Elorrion. Belengua kalea urbanizatzeko obrak, Ibarra kaleko espaloiak aldatzekoak, kiroldegiko frontoiaren kanpoaldeak aldagelak jartzekoak eta Arriola antzokiko teilatua konpontzekoak, besteak beste.

Elorrioko Udalak herriko jaiak bukatzaz bat, herriko hainbat obrei eman die hasiera. Atzotik martxan daude Belengua kalea urbanizatzeko obrak, baita Arriola antzokiko teilatua konpontzekoak, kiroldegiko frontoiaren kanpoaldean aldagelak jartzekoak eta Ibarra kaleko espaloiak aldatzekoak, ere. "Badakigu herrian badaudela hobekuntzak behar dituzten beste hainbat gune, baina aspalditik erantzun gabe zeuden herritarren hainbat eskaera errealitate bihurtuko ditugu orain. Izan ere, Elorrio irisgarriago bat eraiki nahi dugu, eta Belenguako eta Ibarrako lanak helburu horrekin planifikatu ditugu”, adierazi du Idoia Buruaga alkateak.

Bestalde, herriko kirol taldeek egindako eskaerari erantzunez, kiroldegiko frontoiaren atzealdean eraikin gehigarri bat eraiki eta frontoiko erabiltzaileentzako aldagelak eta komunak jarriko dituztela jakitera eman dute gobernu taldeko kideek. Gainera, eraikin horretan kirol taldeentzako bulego bat jarriko dutela adierazi dute.

Horrez gain, eta udal teknikarien balorazioari jarraituz, Arriola antzokiko teilatua konponduko dutela jakitera eman du udalak. "Urte luzean inork ez dio erreparatu teilatuari, eta benetako arrisku egoeran zegoen", adierazi du Buruagak.

Udalak prentsa ohar bidez jakitera eman dutenez, datozen aste eta hilabeetan burutuko dituzten obrek ondorengo aurrekontua izango dute: Belenguako urbanizazioak 396.763 euroko aurrekontua, Ibarra auzoko espaloia aldatzeak 124.599 euroko aurrekontua, kiroldegiko frontoiko obrek 129.591 euroko aurrekontua eta Arriolako teilatuak 116.173 euroko aurrekontua.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!