Arginzoniz: “Txip aldaketa egitea lortu gura dugu, Berazako parkeari bizitasuna emateko”

Aitziber Basauri 2017ko ira. 9a, 10:30

Mugimendu askoko egunak dituzte inauguratu berri duten Beraza jubilatuen tabernan. Egunotan Beraza parkeak duen “bizitasunari” eutsi guran hartu du taberna Maite Arginzonizek  (Elorrio, 1973), eta ari dira martxa hartzen. Martitzenetik aurrera 08:00etatik 20:00etara egongo da zabalik; zapatuetan itxi egingo dute, domeka arratsaldera arte.

Ferixa Nausikoen atarian zabaldu duzu Berazako Jubilatuen Taberna. Nola joan dira lehen egunak?
Zoritxarrez, esperientziarik barik harrapatu gaituzte Ferixa Nausikoek. Ikasi orduko badoaz jaiak. Baina, ondo! Ferixa Nausikoen Azoka eta kuadrillen bazkaria hemen izan genituen eta asteburuan Jubilatuen Eguna eta Sukalki eguna ditugu. Mugimendu askoko egunak dira, baina bagabiltza martxa hartu guran! Astelehenean itxi egingo dugu eta martitzenean ohiko ordutegian hasiko gara.

Tabernari moduan lehenengo aldia duzu?
Asko ibili naiz txosnetan. Baina taberna baten ugazaba edo arduradun lez lehenengoa aldia daukat. Eskariak egiteko-eta zoratzekoa izan da, baina, ahizparen laguntzagaz bagabiltza.

Nolatan animatu zara?
Ekain inguruan ikusi nuen lizitazioa. Baina, orduan, euskara ez ezik esperientzia profesionala eskatzen zuten, eta nik ez dut esperientzia hori. Hala ere, orduan deigarria egin zitzaidan Berazako parkea. Horri bizitasun apur bat emateko terraza bat jartzeko aukera zoragarria zuen tabernak. Frontoia, txin-txaunak... daude. Hala ere, ez zen inor aurkeztu eta berriro zabaldu zuten lehiaketa. Bigarrenean ez zuten esperientziarik eskatzen eta buru-belarri sartu nintzen.

Berazari bizitasun apur bat emateko helburuagaz?
Bai! Jubilatuen taberna izan da beti hau eta jubilatuak bakarrik etorri izan dira. Herri guztietan daude jubilatuen tabernak eta denetariko herritarrak joaten dira. Elorrion, ez. Ez dakit zergatik. Txip aldaketa egitea lortu gura dugu; beharrezkoa da Berazako parkeari bizitasuna emateko. Frontoira datozen kirolariak, txin-txaunetara umeekin datozenak, pasiadan etortzen direnak... erakarri gura ditugu.

Bizitasuna galdu du Berazak?
Bai. Herriaren goialdean dago, apur bat bereiztuta. Garai batean bizi gehiago zegoen. Ez dakit krisiaren eraginez-edo, tabernak ere ixten hasi ziren, eta gero eta jende gutxiago dabil. Txin-txaunak ere apurtuta egon dira. Jaietan baino ez da aprobetxatu parke hau eta urte osoan ez da batere zainduta egon. Bertatik pasatu izan naizenetan triste ikusi izan dut.  Uste dugu Beraza parkea berriztu eta berpiztu dezakegula.

Ohiturak aldatzea ez da erraza izango...
Ahoz ahokoa lantzen ari gara eta apurka-apurka etorri da jendea. Bagabiltza zabaltzen herritar guztientzako taberna dela eta Ferixa Nausikoak lagungarri dira askotariko jendea erakartzeko. Ezagutarazteko.

Taberna berriztuta dago?
Udalak taberna guztia margotu du, eta barru guztia berriztu. Kafe-makina eta garagardoa zerbitzatzekoa jarri ditugu.

Dekorazio berezia jarri duzue tabernan?
Bai. Herriko artisten lanak jarri ditugu. Eskulanak margolari elkarteko lagun baten bitartez jarri ditugu. Herriko hainbat tabernatan erakusketak jartzen dituztela esan zigun eta ze politagoa elorriarren margoak tabernako hormetan jartzea baino! Eurentzat herrira begirako erakusleihoa da.

Nola hartu dute aldaketa jubilatuek?
Momentuz, ez dugu kexarik eduki. Pozik daude aldaketagaz. Gainera, ekainetik itxita egon da, eta gogoa zuten kafetxoa hartzeko.

Mendia duzu pasioa. Erdellako presidentea izan zinen urteetan. Zer ematen dizu mendiak?
Dena da niretzat. Txip aldaketa egiten dut, lasaitasuna ematen dit. Aske sentitzen naiz mendian. Inoiz ez dut utzi Erdellagaz lotura. Tabernara ekarriko ditut denak!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!