Iaz lez, Arriola eta Kanpokokale kaleen artean egingo duten jaian bederatzi herrialderi egingo diete lekua.
Aurtengoan, Euskal Herriko jakiak probatzeko aukera egoteaz gain, Aljeriako, Boliviako, Indiako, Kolonbiako, Maliko, Nikaraguako, Mexikoko, Portugalgo, Senegalgo eta Uzbekistango janariak dastatatzeko aukera egongo da.
Jaki ezberdinak dastatzeko aukera egoteaz gain, jai honegaz herritarren arteko hartu-emanerako lekua egoten dela adierazi dute Kainabera elkarteko kideek.
Babesa Zaporeak elkarteari
Bestalde, azken urtean bezala, aurten ere errefuxiatuentzako jatorduak prestatzen lanean dabilen Zaporeak elkartera bideratuko dute Kulturarteko jaian batutako dirua Kainaberako kideek. “Ederra izan zen janariagaz zerikusia duen ekimen baten bidez Greziako Chios irlako errefuxiatuentzako jatorduak prestatzeko laguntza lortzea”, aitortu dute kulturarteko jaiko antolatzaileek.
Egunean ehunka errefuxiaturentzat jatekoa prestatzen ibiltzen diren Zaporeak elkarteko kideak ere Elorrion izango dira irailaren 10ean. Zaporeak elkarteko boluntarioek beraien egunerokoan egiten duten lanaren berri emango diete Kainaberak antolatutako kulturarteko jaira bertaratzen direnei.