Azken kontzertuetan murgilduta daude, eta Elorrion izango da emanaldi berezi horietako bat. Eñaut Elorrieta abeslariak eman du euren sentsazioen berri telefonoaren bestaldetik.
Irailaren 8an zatozte Elorriora. Zelako zuzenekoa izango den aurreratzerik bai?
Gure garai guztietako kantuak bilduko dituen kontzertu bat izango da. Bestalde, azken urtetan, kontzertuetan irudiak eta proiekzioak lantzen gabiltza, kantuen arima indartzeko asmoz, eta hori guztia Elorriora ere eramango dugu. Bira amaitzen gabiltza; kontzertu honen ostean geratu egingo gara, eta ez dakigu noiz arte izango den. Horregatik, azken kontzertu hauek gure ibilbidearen errepaso izatearen espirituagaz garatzen gabiltza.
Etenaldi hori etorkizuneko erronkak argituta ala argitu barik egingo duzue?
Hurrengo proiektu bat egongo bada, deskantsu bat behar dugula uste dugu, arnasa hartzea. Sentsazioa dugu gaur egun oso iraupen gutxi dutela proiektuek. Denboraren abiadura horrek ez harrapatzeko intentzio oso argia daukagu; merkatuaren inertzia edo epeetara behartuta sentitzerik ez dugu gura, eta erritmoa geuk kontrolatzea gura dugu. Guretzat ilusionantea izango den proiektu bat sortzeko denbora behar dugula sentitzen dugu. Gainera, ez gara kapaz bira batean sartuta egon eta aldi berean hurrengo proiektuan pentsatzeko. Ez da geldialdi laburra izango. Zerbait ilusionantea sortuz gero, bada, etorriko da, baina ez dakigu bira bategaz, disko bategaz edo beste zerbaitegaz bueltatuko garen.
Musikalki estankatzeari beldurra diozuela entzun izan dizut. Baina esango nuke jakin izan duzuela eboluzionatzen.
Ken Zazpi guretzat esperimentazio zentro bat izan dela esaten dugu beti taldekideok. Diskoekin irabazi dugun diruaren gehiena hurrengoetan inbertitu dugu, eta horrela joan gara kanpora grabatzen edo hainbat produktoregaz lan egiten. Ikasketa prozesu bat izan da, gure burua erronka baten aurrean ipintzearen irrikaz. Horrek mugitu gaitu, esploratzeko gogoak. Nire ustez, horrek ekarri du diskotik diskora salto batzuk egotea, eta hainbeste urtean bizirik eta ilusionatuta egotea ere bai.
20 urte dira lehen kantua sortu zenutenetik. Kontziente zarete egindako guztiaz?
Egia esan, gure bizitza izan da, elkarregaz egin dugun bide bat. Gutxi gorabehera, gure nerabezaroko lehen esperientzia musikalen ostean sortu genuen Ken Zazpi, eta urte piloa dira. Batzuetan ez da erraza kontziente izan eta baloratzen jakitea, baina, adibidez, zurea bezalako galderak entzuterakoan, barruan emozio bat sortzen zait. Gustatzen zaiguna egin dugu, lan handia egin dugu, eta fruitu piloa eman digu.
Zuen letrak sakonak eta melankolikoak izan ahal dira, baina esango nuke jendeak alaitasunetik entzuten duela Ken Zazpiren musika.
Batzuetan kezkatik berba egin genezake, tonu ez oso alai bategaz, baina kantua zauriak, minak edo hutsuneak osatzeko bide bat da guretzat. Uste dut espiritu hori hartzen duela kantuak berak.