Umeentzako poesia tailerra eskainiko dute Elorrioko Liburutegian, lehenengoz

Itsaso Esteban 2017ko ira. 4a, 11:00
Peru Magdalenak dinamizatuko ditu euskarazko zein gaztelerazko irakurle klubak.

Irailaren 11n hasiko da 2017-2018 ikasturterako Elorrioko Liburutegian antolatu dituzten tailerretan izena emateko epea. 8 eta 12 urte arteko umeak literatur genero horretara hurreratzea helburu duen poesia tailerra da aurtengo nobedadea. Jolasen bitartez ezagutuko dituzte olerkiak eta poetak tailerrean parte hartzen duten umeek. Urriaren 24an, 25ean eta 27an izango dira tailer horren saioak.

Aurten lehenengoz eskainiko duten poesiari buruzko tailer horretarako ezezik, aurreko urteetan ere eskaini izan dituzten irakurle klubetan, Azalerako ipuinak tailerrean eta Liburuen Poltsa ekimenean parte hartzeko izen-ematea ere zabalduko dute irailaren 11n.

Peru Magdalena idazle durangarrak dinamizatuko ditu helduen euskarazko eta gaztelerazko irakurleen klubak, eta hilean behin elkartuko dira, Elorrioko Liburutegian. Dagoeneko argitaratu dituzte urri, azaro eta abendurako irakurketa proposamenak.

Gurasoek eta 3 eta 8 urte arteko seme-alabek literaturzaletasuna elkarregaz gozatzea da, bestalde, Liburuen Poltsa ekimenaren jomuga; eta 3 urte artekoentzako eskaintza da Azalerako Ipuinak ekimena.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!