Elorrioko eta Izurtzako jaiak

Elorrioko hamabi ekoizle egongo dira domekako azokan

Maialen Zuazubiskar 2017ko ira. 1a, 12:00

Nekazarien, abeltzainen eta artisauen eskutik kalitate goreneko produktuak dastatu, usaindu, ikusi eta erosteko aukera eskainiko du, beste urte batez, Elorrioko Ferixa Nausikoetako azokak. Irailaren 3an, 10:00etatik 14:30era egongo da azoka bisitatzeko aukera.

Elorrioko nekazariek hazitako ortuariak, Elorrion egindako gazta, ogia, txakolina, gozoak, eta txerrikiak, zein Elorrioko artisauek paperagaz eta zuragaz egindako bitxiak, larruzko oinetakoak eta panpinak ere eskuragai egongo dira domekako azokan.

Durangaldeko ekoizleak
Elorrioko nekazari, abeltzain eta artisauez gainera, Durangaldeko eta Euskal Herriko beste hainbat ekoizlek ere parte hartuko dute domekan egingo den azokan: Berrizko hainbat nekazarik, Mallabiko, Otxandioko eta Abadiñoko zenbait gaztagilek, Iurretako, Mallabiko eta Mañariko okin eta gozogileek, Iurretako txakolingile batek eta Zornotzako eztigile batek, hain zuzen ere.

Hauen produktuez gain, Berrizko, Atxondoko eta Durangoko artisauen lanak ere eskuragai egongo dira Elorrion.

Azokan egongo diren hainbat postu eskualdekoak izango diren arren, Gipuzkoako, Nafarroako, Arabako eta Bizkaiko beste hainbat txokotatik ekarritako produktuak ere izango dira Ferixa Nausiko jaietako azokan.

Produktu ekologikoak
Aurtengo azokan azken urteetan baino bost postu gutxiago egongo diren arren, produktu ekologikoei bultzada bat eman guran produktu ekologikoen inguruko informazio postu bat jarriko dutela jakitera eman du Maitane Lopez zinegotziak. “Postu ekologikoei bultzada bat eman gura genien, eta, horregatik, Euskal Herriko Nekazarien Elkartasunak (EHNE) duen kontainer ekologikoak lekua izango du aurtengo azokan”, adierazi du Lopezek.

Hori horrela, domekako azokan nekazarien 60 postu egon beharrean, 55 postu eta kontainer ekologikoa egongo direla jakitera eman dute.

Azoka 10:00etatik 14:30era arte egongo da zabalik, eta Elorrioko txistulari taldearen kalejirak ipiniko dio doinua goizari.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!