Izan ere, maila horretako partiduetan derrigorra da sarrera kobratzea eta bazkidetzak egitea. Era berean, nesken taldean lau jokalari gelditu direla-eta, Durangoko taldeagaz batuko dira. Hala ere, datorren urtera begira jokalari gehiago animatzea eta Elorriok bere nesken talde propioa izatea dute helburu.
Txupinazoa jaurtitzeko berria pozik hartu duzue?
Iñigo Astarloa: Oso pozik, gustura. Gainera, orain 2.B mailan jokatuko dugu, kategoria oso altua da eta uste dut merezi dugula.
Unai Arregi: Aukera ona izango da taldearen berri herrian zabaltzeko.
Nork botako du txupinazoa?
Iñigo Astarloa: Joan zen denboraldian nesken taldean kapitain izan zen Garazik eta biok jaurtiko dugu txupinazoa.
Iñigo, zu noiz etorri zinen Elorriora jokatzera?
I.A.: Hamar urte Durangoko taldean egon nintzen jokatzen. Ondoren, Elorrion taldea sortu zen, eta hona etorri nintzen. Taldea beti egon da maila onean jokatzen. Sasoi onetan, jubenilak, B, C, A taldeak eta nesken taldea izan ditugu.
Nesken taldeagaz zer gertatu da?
U.A.: Aurten lau jokalari gelditu dira, eta Durangoko taldeagaz batu dira.
Garazi, noiz hasi zinen taldean jokatzen?
Garazi Urtueta: Orain hiru urte neska batzuk batu ginen, eta taldea sortzea erabaki genuen. Zuzendaritzaren aldetik babes handia jaso genuen. Lehenengo, Iñigo izan genuen bi urtez entrenatzaile, eta iaz, Gaizka. Aurten ez dugu lortu jendea animatzea eta Durangogaz batuta taldea sortu da. Lanagaz eta ikasketekin zaila izaten da taldea mantentzea. Hala ere, aurreko denboraldian talde moduan ondo jokatu dugu eta pozik ibili gara.
Nesken taldea berpiztea datorren urterako helburuetako bat da?
G.U.: Bai, aurten ez dugu astirik izan jendea nesken taldean jokatzera animatzeko, eta Durangogaz jokatuko dugu. Hala ere, helburua datorren urtean Elorrion talde propioa izatea da. Beraz, txupinazoa jaurtita, ea neskak animatzen diren.
Buskantza 2.B mailara igo da. Horrek zer suposatuko du taldearentzat?
I.A.: Zaragoza, Guadalajara, Castelló eta horrelako lekuetara bidaiatu beharko dugu.
U.A.: Gastu handia suposatuko du. Garraio gastuak asko igotzen dira, arbitroen lana erdi bana ordaindu beharko dugu...
Zuzendaritzan egonda, gastu hauei zelan egingo diezue aurre?
U.A.: Babesle bila ari gara inguruko enpresa eta tabernetan, gastu hauek finantzatu ahal izateko.
Bazkidetza kanpaina bat ere jarri duzue martxan. Zein erantzun jaso duzue herritarrengandik?
U.A.: Dagoeneko 315 bazkide egitea lortu dugu. Txupinazoa jaurtitzea oso ona izango dela uste dugu, herritarrek gure ekimenen berri izan dezaten. Oihartzun handia izango dugu, eta hori baliatzea garrantzitsua da.
Zelan ikusten duzue taldearen etorkizuna? Ilusioa sumatzen duzue?
I.A.: Iker entrenatzaileak ikaragarri bizi du areto-futbola, eta, hein handi batean, berak dauka arrakasta honen errua.
U.A.: Bi talde indartsu ditugu eta, etorkizunera begira, baikorra naiz.
I.A.: Aurten jubenilen taldea ez dugu atera, ez dugulako fundamentu handirik ikusi denboraldi berrira begira. Ez dugu beraien eta gurasoen aldetik konpromisorik ikusi. Hala ere, aurrera begira, talde hori sortzeko ateak zabalik daude.
Talde batzuetan zuzendaritzako lana egiteko jendea aurkitzea zaila izaten da.
U.A.: Niri lan hori egitea gustatu egiten zait. Pozik ari naiz lanean.
Maila aldaketak kudeaketan ere eragingo du. Orain sarrera kobratzera derrigortuta egongo zarete.
2.B mailan sarrera kobratzea eta bazkideak izatea derrigorrezkoa da. Beraz, garrantzitsua da jendeari jakinaraztea maila igoeraren eraginez izango dela. Badakigu igoera zaila izango dela, baina ilusioa dugu eta aurrera egiteko gogoz gaude.