Jaien zenbait alderdi birplanteatu dituzte udaberri eta uda tartean izandako prozesu parte-hartzailearen ondorioz. “Jai euskaldunak, anitzak, partehartzaileak, alkoholean oinarritzen ez diren ekintzekin, jasangarriak, bertokoak eta parekideak nahi ditugula nabarmendu da prozesuan. Ez da erronka makala, baina dagoeneko norabide horretan bidea hasi dugu eta jai egitarauan lan mardula egin dugu herriko elkarte eta herritarrekin batera”, azaldu du Idoia Buruaga alkateak.
Jaietako kartelari dagokionez, Maialen Arregik aurkeztutako lanak irabazi du lehiaketa. Arregi pozik agertu da epaimahaiaren eta herritarren erabakiarekin, eta bere lanak “jaien aniztasuna” isladatu nahi duela adierazi du:
“Txantxibiri abestiak dio atsoak astoaren gainean doazela, eta kartelean edozein pertsona jaietako astora igo daitekeela irudikatu nahi izan dut”.
Irailaren 2an jaurtiko dute Elorrioko Buskantza taldekoek txupina. Hala ere, ostiralerako herria jai giroan murgilduta egongo da. Izan ere, Aukeren Azokaz gain, Gazte Eguna ospatuko dute Gazteenek, besteak beste, bazkaria, txosnen irekiera eta kontzertuak izango dituzte egun guztian zehar. Gainera, aurten berritasun bat izango da. Ferixa Nausikoak (bir)planteatzen prozesuaren emaitzetatik, Kuadrillen arteko Olinpiadak antolatuko dituzte.
Jaien egitarauan banatutako bederatzi frogaz osatuko dira Olinpiadak, eta, horretarako, koadrillek gutxienez sei pertsonako taldeak antolatu beharko dituzte. Patata tortila txapelketa, asteleheneko jolasak, playback-a zein mozorro lehiaketa izango dira frogetako batzuk. 16 urtetik gorako gazteek parte hartu ahal izango dute, eta izena emateko azken eguna abuztuaren 28a izango da, udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan (HAZ).
Kale ekitaldi ibiltari gehiago eskaintzeko ahalegina egin du Jai Batzordeak. Izan ere, musika eta antzerkia plaza
ingurutik herriko beste gune batzuetara zabaltzeko asmoa dutela adierazi dute udal ordezkariek.
Jai parekideen aldeko lanketa
Jaiak parekidetasunean oinarritzeko deia egin die Buruaga alkateak elorriarrei eta kanpotik datozenei. “Udaletik gogor ari gara lanean jaiak berdintasunean eta guztion arteko errespetuan oinarritu daitezen, beraz ez ditugu ez jarrera ezta eraso sexistarik onartuko”.Zentzu horretan, lanketa berezia egin dute udaletik. Irailaren 1ean, esaterako, indarkeria matxista saihesteko informazio gunea atonduko dute plazan 18:00etatik 21:00etara bitartean. Gainera, eraso sexisten kontrako jarrera aktiboa bultzatzeko txapak eta kartelak banatuko dituzte, eta jai-egitarauan gomendioak azalduko dituzte.
Bukatzeko, erasoen aurkako protokoloaz gain, 24 orduz eskuragarri izango den telefono zenbakia jarri dute herritar guztien eskura.