Elorrioko eta Izurtzako jaiak

"Kartel honen bidez jaietan denontzako lekua dagoela islatu gura izan dut"

Jone Guenetxea 2017ko uzt. 27a, 09:37

Maialen Arregi Ganboa (Elorrio, 1986) ogibidez arkitektoa da. Hirugarrenez irabazi du Ferixa Nausikoetako kartel lehiaketa. 

Sorpresa izan da kartel lehiaketa irabaztea?
Egindako lanagaz gustura gelditu nintzen. Baina, 13 kartel aurkeztu dira, eta batzuk onak izan dira. Beraz, epaimahaiaren erabakia subjektiboa izaten denez, ezin da jakin. Azkenean, irabazi egin dut eta pozik nago.

Hirugarrenez irabazi duzu.
Bai, 2013an, 2015ean eta aurten. Beste urte baten aurkeztu nintzen, baina ez nuen irabazi.

Zertan inspiratu zara?
Elorrioko jaiak Ferixa Nausikoak dira. Feria bera animaliekin islatu gura izan dut, baina baita jaiak egiten ditugun pertsonok ere. Kartelean ez da ondo bereizten pertsonak animalia mozorrotuta edo animaliak pertsona mozorrotuta dauden. Jaia gauza hauen guztien nahastea dela irudikatu dut. Txantxibiri abestiak esaten du atsoak asto ganean doazela. Kartel honen bidez edozein pertsona jaietako astora igo daitekeela azaldu gura izan dut. Hau da, jaietan denontzako lekua dagoela. 

Beste lehiaketa batzuetara aurkeztu duzu lanen bat?
Martxoaren 8ko kartel lehiaketan Abadiñon eta Arrasaten aurkeztu nintzen. Gai horrek interesa piztu zidan. Hala ere, ez dut saririk jaso.

Zer sentitzen duzu jaietan zure kartela alde guztietan ikustean?
Gustukoa da. Pentsatzen dut Elorrioko historiarako ekarpen hori hor geldituko dela. Agertuko da nonbaiten urteren baten, kaxoiren baten, norbaiten etxean. 

 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!