Noiztik zabiltza errugbi epaile lez lanean?
1991 ingurutik nabil epaile lez errugbi partiduetan. Lehenengo, gaztetxoen partiduetan arbitro lanak egiten hasi nintzen, eta apurka-apurka maila garrantzitsuagoko partiduak epaitzea lortu nuen.
Hala ere, hasierako urteetan arbitro lanak egiteaz gain, errugbian ere jokatzen zenuen.
Elorrion taldea sortu zenean hasi nintzen errugbian jokatzen. Hainbat urte egin nituen jokalari moduan, eta urte batzuetan jokatzea eta epaile lanak egitea uztartu nituen. Gainera, aurretik errugbi jokalari izatea ezinbestekoa izan zen niretzat epaile lez aritzeko. Errugbian, beste kirol batzuetan ez bezala, oso zaila da kirol horretan inoiz aritu gabe epaile izatea. Beste kirol batzuetan ez bezala, askorentzat errugbiko legeak arrotzak izaten baitira. Beraz, inoiz jokatu ezik oso zaila izan daiteke, ezinezkoa ez esatearren, epaile lanetan aritzea.
Zerk bultzatu zintuen jokatzeari utzi eta epaile lanetan jarraitzera?
Epaile izateak badu horrelako botere bat; zure inguruan 30 jokalari dituzu, eta, nolabait esateko, guztiak zure menpe daude. Horrek beti erakarri izan nau, eta behin epaile lanetan hasita, uztea oso zaila da. Horrez gain, epaileen munduan gorantz egiten duzun heinean, oso zaila da gauza biak uztartzea.
Hala ere, zuk diozun botere horrengatik sarritan oso kritikatuak izaten zarete epaileak.
Egia da askotan kritikak jasotzen ditugula, baina, errugbian, normalean, kritika horiek errespetuz esandakoak izaten dira. Azken finean, normala da jokaldi batean iritzi ezberdinak izatea. Hala ere, jokaldi horiek ahalik eta ondoen epaitzea izaten da gure lana.
Kirol batzuetan irainak izaten dira epaileen eguneroko ogia.
Errugbian, normalean, epaileak, jokalariak, entrenatzaileak...ez dira iraintzen. Ni ez naute inoiz iraindu. Gogoan dut Elorrion errugbi partidu bat ikusten nengoela, partidua ikusten zegoen herritar bat irainka hasi zela. Orduan, partidua ikusten geunden hainbat kidek isiltzeko eskatu genion, bestela zelaitik botako genuela esanez. Gizonak ez zuen gure jarrera ulertzen, berarentzat normala zen partidu batean jendea iraintzea. Errugbian ez dugu irainik onartzen.
Errugbi jokalariek, partidua bukatu ostean, hirugarren denbora izaten dute. Epaileak badu tokirik hirugarren zati horretan?
Noski, zati hori ere oso garrantzitsua da, horri esker gure arteko harremanak estutzen ditugu eta. Gainera, hirugarren denborak errugbiak duen kutsu berezia indartu eta partiduan zehar sortzen diren txarto ulertuak konpontzeko balio izaten du.
Epaile lanetan hasi eta urte gutxira ohorezko mailako partiduak eta nazioartekoak epaitzera heldu zinen.
Hala da, bai. 1991n arbitro lanetan hasi, eta 1993rako ohorezko mailan nenbilen. Lau urte geroago, berriz, nazioarteko mailako partiduak epaitzen nituen, eta hamar urtez Europan ibili nintzen maila gorenetan.
Beraz, epaile bat heldu daitekeen mailarik gorenenean epaitu duzu?
Bai. Europako errugbi epaile batek epaitu dezakeen mailarik gorenean ibili naiz. Errugbi jokalari lez inoiz iritsiko ez nintzen lekura heltzea lortu dut epaile lanetan. Gainera, Europa gehiena zeharkatzeko aukera izan dut urte hauetan guztietan, talde eta selekzio nagusienen partiduak toki pribilegiatu batetik biziz.
Egun, berriz, Euskal Herriko partiduak epaitzeaz gain, epaileen formakuntzaz ere arduratzen zara.
Kirolean beharrezkoa da epailea. Epailerik barik ezinezkoa izango litzateke partiduak jokatzea. Beraz, epaileak trebatu egin behar dira, eta horretan gabiltza.
Durangaldean nola dago epaileen egoera?
Gaur egun ez gaude epaile askorik. Elorrion bi gaude, eta Durangok baditu, momentu honetan, ikasten dabiltzan epaile batzuk. Beraz, gure etorkizuneko epaileak izango diren horiekin lan egitea tokatzen zaigu.
Guztiak gizonezkoak zarete?
Durangon badago ikasten dabilen bat, Oihane Alakano. Bera da nire apustu nagusia datorren urterako, Oihane Euskal Herri mailan aritzea dut helburu.