Jazz flamenkoa, koraren doinua eta euskal sortzaileak, Musikaireren bigarren zatian

Itsaso Esteban 2017ko uzt. 21a, 11:00

Uztailaren 7an Musikaire jaialdia hasi zenetik, hainbat dira Elorrioko aurtengo udaren soinu bandari euren ekarpena egin dioten artistak: The Skatalites, Shaun Booker eta Mahotella Queensek jo dute. Los Pelópidas antzezlan klasikoa eskaini du Suripanta Teatro taldeak, eta Kukai, Brodas Bros, Amaia Elizaran eta Ertzaren dantza garaikideko obra laburrek ikuslez bete zuten plaza, domekan.

Eguraldia lagun izan dute orokorrean, eta Aitor Iriarte Lobo antolatzaileak dioenez, hain zuzen ere horixe izaten da Musikairek arrakasta borobila izatea baldintzatzen duen aldagaia. “Datozen artista guztiak puntakoak dira”, dio Iriartek, “emanaldia Elorriokoak lako lorategi batean eta doan eskaintzen baduzu, berez izango da arrakastatsua... Ateri badago, gainera, gainezka egiten du”.

Pardoren jazz flamenkoa
Jaialdiaren erdia baino gehiago bete du Musikairek, baina uztaileko bi asteburutarako plana eskainiko du, oraindik. Asteburu honetan, Lariz jauregian dira zitak. Jorge Pardo (Madril, 1956) arituko da, gaur. Zeharkako flauta edo saxoa konposizio flamenkoetarako baliatzen aitzindaria izan zen Pardo, eta, besteak beste, Paco de Luciagaz eta Camaronegaz kolaboratu zuen. Hiru hamarkadako ibilbidean Chick Corea edo Pat Metheny jazzlariekin ere jo izan du. Elorriora Josemi Carmonak gitarragaz, Bandolerok perkusioagaz eta Pablo Baezek kontrabaxuagaz lagunduta dator.

Ba Cissoko Gineako musikariaren doinuek beteko dute bihar Lariz jauregiko parke hori. Kora hari-instrumentua jotzen du Cissokok, eta Pardok flamenkoagaz bezala, Afrikako antzinako doinuak jazz, rock, reggae, blues edo elektronikagaz nahasten ditu.

Etzi, hiru antzezlan laburregaz amaituko da Musikaireren asteburu honetako eskaintza, Casa Jaran, 19:00etan. Komunak, Encuentro nocturno de muerte y olvido eta Estocolmo, síndrome eskainiko dituzte.  

Azken hirurak, Tolan
Tola jauregiko hiru kontzertugaz amaituko da aire zabaleko kultur emanaldien Elorrioko jaialdia. Uztailaren 28an Arkaitz Minerrek, Lutxo Neirak eta Hasier Oleagak lagunduta arituko da Ruper Ordorika bertan.

Uztailaren 29an, Antonio Lizanaren boskotearen txanda izango da. Buleriak kantatzen dituen saxofonista, edo saxofoia jotzen duen flamenko abeslaria da Cadizko Lizana.

Uztailaren 30ean, 19:00ean, jazz giroan amaituko da Musikaire. Euskal folklorea munduko beste folkloreekin uztartzen duen Khami taldeak joko du, tartean Iñaki Salvador eta Garikoitz Mendizabal musikariak dituen seikoteak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!