“Abiadura ‘perfektuan’ mugitzen gara, bidean dagoen guztia ikusi eta sentituz”

Aitziber Basauri 2017ko uzt. 16a, 10:30
Mikel Garcia Martinez (1991) eta Maialen Arrinda Axpe (1990)

Argentinan, Jujuy probintzian daude Maialen Arrinda eta Mikel Garcia, apurka-apurka Boliviara heldu guran. Ostean, auskalo! Unean unekoa bizi du bikote elorriarrak, eta Hego Amerikako herri, kultura eta jende gehiago ezagutzea dute asmoa. ‘Barnerantz bidaiatzen’ bloga dute euren esperientzia kontatzeko leihoa. Asian eta Zeelanda Berrian ere egon dira.

Nola abiatu zarete Hego Amerikako abentura honetan?
Asian eta Zeelanda Berrian zaila zen hangoekin berbagai sakonak izatea, hizkuntzagatik. Hego Amerikan askoz errazagoa zaigu hori eta, alde horretatik, bidaia berezia izaten ari da. Jendea asko zabaltzen da eta horrek piloa laguntzen du. Naturagaz, amalurragaz duten konexioak ere atentzioa eman digu, eta jatorrizko herriek.

Bizikletan mugitzen zarete?
Aspalditik genuen gogoa, eta nola sentitzen ginen ikusteko, Elorriotik Bartzelonara joan ginen utzitako bizikleta batzuekin. Estalitako lo leku seguru eta doakoak bilatu beharrak areagotu egin zuen abentura: zubipeetan, elizpeetan, ezagututako gizon baten etxean... oso ondo ibili ginen. Bartzelonan, 11 urtez munduan bizikletan ibili den Salva Rodriguezen berbek azken bultzada eman ziguten Elorriora bueltatu eta Paraguaira hegaldia hartzeko.

Zeelanda Berria furgonetan ezagutu zenuten. India, Nepal, Thailandia eta Malaysia, aldiz, oinez. Zein da bidaiatzeko aukerarik onena?
Aukera bakoitza mundu bat da,  norberari ondoen datorkiona topatzea da gakoa. Guk guztietan asko disfrutatu dugu, baina bizikletan oso gustura gabiltza, inoiz ez dugu imajinatu horrelakorik. Abiadura ‘perfektuan’ mugitzen gara, bidean dagoen guztia ikusi eta sentituz. Aske sentitzen gara, gura dugunean gura dugun tokira joateko, gure kabuz. Turistak iristen ez diren tokietara heltzen gara, gainera.

Herrialde bakoitzetik zer sartuko zenukete motxilan?
Zaila erantzutea. Oro har, denetan ezagututako bihotz oneko jende sinple eta naturala. Bertakoekin nahastea bilatzen dugu, ez paisaia politak.

‘Barnerantz bidaiatzen’ bloga duzue. Hitz biek bizitako esperientzia laburbiltzen dute?
Bizitako esperientziek gure barrua esploratzeko aukera eman digute, pertsona lez asko garatuz. Gainera, ezagututako jendeagaz konpartitzea maite dugu, euren biziera, ohitura, pentsaera eta errealitatera hurbilduz. Bidaiatuz dena gehiago baloratzen ikasi dugu, intuizioa garatzen, gutxiago epaitzen, kritika negatiboak baztertzen, une gogorretatik ikasten, ametsengatik borrokatzen, bizitzari irribarre egiten, zabalagoak eta positiboagoak izaten, karman sinesten, hain berekoiak ez izaten...

Ez da diru askorik behar?
Sistema kapitalistak kontrakoa saldu arren, zenbat eta gutxiago izan orduan eta lasaiago bizi garela konturatu gara. Janaria, ura eta lo lekua dugulako zortedunak gara. Gainera, bizikletan bidaiatzea oso erraza izaten ari da. Garraioan eta lo egiteko ez dugu dirurik behar eta oso sinple jaten dugu. Eguneroko esperientzia eta bizipenek egiten gaituzte aberats.

Afrika falta duzue, ez? Utziko diozue inoiz bidaiatzeari?
Egunen batean joango gara Afrikara ere. Zaila izango da bidaiatzeari uztea, amets asko ditugu-eta egia bihurtzeko, baina, unean unekoa. Bizi dugun abenturan jarraitu gura dugu

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!