Bigarren B Mailan jokatzeak gastuak handitu egiten ditu, arlo bitan batez ere. Batetik, joan-
etorriak luzeagoak dira (Kantabria, Aragoi…) eta askotan irten beharko dute EAEtik. Bestetik, epaileei ordaindu beharrekoa ere bikoiztu egiten da. Beraz, 30.000 euro inguruko aurrekontua beharko dutela kalkulatu dute, iazkoa baino heren bat handiagoa, gutxi gorabehera.
Dagoeneko eman dute izena maila berrian. Lortzen duten finantziazioagaz hasiko dute denboraldia eta, beharrik balego, babesle berriak lortzeko lanean jarraituko dute. “Enpresa askogaz berba egiten ari gara, eta batzuk lotu ditugu. Oraindik lan asko falta da egiteko, baina kontua bide onetik doala uste dugu”, dio Iker Saenz de la Cuesta zuzendaritzako kide eta taldeko entrenatzaileak. Parra tabernak, esaterako, urteetan eman duen laguntzagaz jarraituko du, eta taldearen izena Elorrioko Parra Taberna izango da.
Aurrekontu osoa ezingo dute estali babesleekin, eta, horregatik, bazkideen figura sortu dute. “Oraingoz ehun eta piku bazkide ditugu eta 300 ingurura heldu gura dugu. Horrela, gure aurrekontuko atal garrantzitsua izango da”, azaldu du. Abonu indibiduala 15 eurokoa da eta familiakoa 30ekoa (partiduko familiako bat). Interesatuak elorriokofke@gmail.com helbidearen zein klubeko sare sozialen bidez jarri daitezke hartu-emanetan.
Abentura berria
Hainbat urtez Sasikoa Durango eta Mallabiagaz batera Hirugarren mailan aritu ostean, datorren denboraldian eskualdeko areto-futboleko erreferente gorena bihurtuko da Buskantza. Ligan bigarren amaitu zuten, Bilboren atzetik. Bilbok lortu zuen igotzeko eskubidea, baina uko egin dio arlo ekonomikoagatik, eta Buskantzak aukera baliatzea erabaki du.
Jokalariei saltoa eman ala ez galdetu zietenean, “ia denek” baiezkoa erantzun zuten. “Salto handia da, eta badakigu ez dela erraza izango. Irabaztera ohituta daude, eta orain ez irabaztea izango da normalena. Baina ilusioz beteta gaude”.
Datorren urteko taldea ia itxita dute. Blokeari eutsiko diote, jokalari gutxi batzuk batuta: Esaterako, Yelko Uribe eta Carlos Martin eraman dituzte Presion Break-etik. Bigarren taldetik Unai Arregi elorriarra igoko dute eta beharbada besteren bat.
Taldearentzat ez ezik Iker Saenz de la Cuestarentzat berarentzat ere abentura berria izango da. “Alde batetik, ilusio handia dut. Sekula ez naiz kategoria horretan aritu eta erronka bat da. Baina, bestetik, entrenatzailea ez ezik zuzendaritzako kidea ere banaiz, eta ez da erraza biak bateratzea. Oraindik ezin izan diot minutu bat ere eskaini kirol arloari, beste arlo batzuetan lan pilo bategaz ibili naizelako”.