Elorrioko plaza eta lorategiak munduko musiken agertoki izango dira

Itsaso Esteban 2017ko uzt. 5a, 09:00

Munduko musiken zortzi emanaldi, antzerki ikuskizun bi eta dantza garaikidea eskainiko ditu Musikaire jaialdiak, uztailean, Elorrion.

Barikuan, The Skatalites talde jamaikarrak eskainiko du jaialdiko lehenengo kontzertua, 22:30ean, elizpean. Hilaren 30era arte, Euskal Herriko eta Penintsulako beste hainbat herritako musikak ez ezik, Ameriketakoak eta Afrikakoak ere izango dira entzungai Elorrioko plazan eta jauregietako lorategietan.

Jamaikatik AEBetara
Uztailaren 7 eta 8ko jaialdiaren lehenengo asteburu horregaz, indartsu, doinu biziekin, hasiko da Elorrioko Musikaire: Jamaikatik etorritako The Skatalites taldearen emanaldiaren ostean, Shaun Booker estatubatuarrarena arituko da zapatuan.

1964tik martxan dagoen taldea da The Skatalites, sasoi bakoitzean musikari desberdinek osatu dutena. Besteak beste, Bob Marley eta Toots & The Maytals taldeekin jo izan dute.

Bederatzi musikarik osatu zuten hasierako The Skatalites. Bederatzi musikari horiek elkarregaz jotzen ibili ziren 14 hilabeteetan irla osora zabaldu zen euren musikaren hazia, eta handik mundura. Ska, jazz, reggae, dub eta blues doinu jamaikarren aitzindariak izan ziren.

Elorrioko plaza gospel eta blues doinuz beteko du, bestalde, uztailaren 8an elizpeko oholtzatik arituko den Shaun Booker abeslari estatubatuarrak. Ella Fitzeralden jarraitzaile aitortua da Booker, eta energiaz beteriko zuzenekoak eskaintzen ditu. Kantatzen duenean, entzule emakumeei indar hori transmititu gura izaten diela esaten du Bookerrek, beragaz kantu, oihu eta dantza egin dezaten.  

Uztailean, astebururo
Uztaileko asteburu denetan, munduko askotariko doinuak izango dira gozagai Elorrion: Mahotella Queens emakume Hegoafrikarrenak, Jorge Pardo jazzista flamenkoarenak, Ba Cissoko kora-jotzaile ginearrarenak, Ruper Ordorikarenak, Antonio Lizana saxofonistarenak eta Khami taldearenak, etab.  

Gainera, antzerkia eta dantza garaikidea ere izango dira: Suripanta Teatrok La Pelópidas eskainiko du, eta Euskal Herriko sortzaileen dantza garaikideko lau obra eta hiru antzezlan labur ere izango dira ikusgai.
“Plazako, Tolako zein Larizeko aulkietatik munduko hainbat lekutara” bidaiatzeko gonbidapena da, Idoia Buruaga alkatearen berbetan, Elorrioko Musikaire jaialdiarena.

UZTAILEAN

· 7an, 22:30ean, plazan
The Skatalites
· 8an, 22:30ean, plazan
Shaun Booker
· 14an, 22:30ean, plazan
Suripanta Teatro
· 15ean, 22:30ean, plazan
Mahotella Queens
· 16an, 19:00etan, plazan
Dantza garaikidea
· 21ean, 22:30ean, Lariz jauregian
Jorge Pardo
· 22an, 22:30ean, Lariz jauregian
Ba Cissoko
· 23an, 19:00etan, Casa Jara jauregian
Mikroantzerkia
· 28an, 22:30ean, Tola jauregian
Ruper Ordorika
· 29an, 22:30ean, Tola jauregian
Antonio Lizana
· 30ean, 19:00etan, Tola jauregian
Khami
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!