Pistako denboraldia ezin hobeto bukatu duzu.
Hala da, bai. Lehenengo, Euskadiko pistako txapelketa eskuratzea lortu nuen, espero gabeko txapela, gainera. Txapelketan talde indartsuak zeuden, eta gu taldekide bi baino ez ginen.
Ondoren, berriz, Espainiako txapelketan hainbat domina eskuratu zenituen.
Bakarkako jazarpena askorik prestatu ez nuen arren, proba horretan banuen lan ona egiteko esperantza, banekien aurrean ibiliko nintzela. Baina, urrezko dominaren borrokarako sailkatu nintzenean eta Espainiako Txapeldun gelditzea lortu nuenean ezin nuen sinetsi.
Orain, berriz, errepideko denboraldian murgilduta zaudete. Nola ikusten duzu zure burua?
Egia esan, ez dut zorte handirik izan. Denboraldia ondo hasi nuen arren, bi astez gelditzera behartuta egon nintzen, anemiaren ondorioz. Ostean, berriz ere nire sasoirik onenera heltzen egon naizenean, jausi eta zuntz haustura izan dut. Beraz, azkenaldian, zortea ez dut lagun izan.
Eroriko batetik errekuperatzen ari zara, orduan?
Bai. Gure lasterketetan tentsio handia egoten da. Sarri gazte mailakook eta elite mailakoak elkarregaz lehiatzen gara, eta eroriko ugari egoten dira. Askotan erorikoak saihestu eta lasterketak jausi barik amaitzea izaten da gure helburua.
Aurten CAF Turnkey Engineering taldean zabiltza. Hiru txirrindulari baino ez zaudeten arren talde indartsua osatzen duzue.
Egia esan, Maialen Aramendia, Isabel Martin eta hirurok ondo gabiltza, denboraldi guztian aurrean gabiltzan txirrindulariak gara, eta talde indartsua osatzen dugula esan daiteke.
Etorkizun hurbilean ze erronka dituzu?
Bizkaiko eta Euskadiko Txapelketetan ondo ibiltzea gustatuko litzaidake. Horrez gain, Euskadiko erlojuaren aurkako txapelketan ondo aritzea ere badut helburu. Badakit irabaztea ia ezinezkoa dela, txapela irabazteko faborito nagusia taldean baitut. Maialen ikusten dut txapelketa irabazteko faborito, baina, dudan guztia emango dut.
Datorren denboraldian 23 urtez azpiko mailara igaroko zara. Denboraldi berriaren nolako aurreikuspenak egiten dituzu?
Datorren denboraldia gogorra izango da. Bai kilometro aldetik, bai erritmo aldetik, lasterketa gogorragoak izango ditugu. Seguru nago lehen urtean asko igarriko dugula hori guztia. Baina gogotsu nago erronka berriei aurre egiteko, eta gogor lan egingo dut denboraldi txukun bat egiteko.
Errepidea eta pista uztartzen jarraitzeko asmoa duzu?
Orain arte ez bezala, seguruenik errepidera bideratuko dut gehiago nire prestakuntza. Pistan maila izugarria dago elite mailan eta 23 urtez azpikoetan, eta ondo dabiltzan txirrindulari dezente daude; beraz, modalitate horretan bereiztea zaila izango dela iruditzen zait.
Orduan, alde batera utziko duzu horrenbeste garaipen eman dizkizun modalitatea?
Ez, alde batera ez dut utziko, baina errepideko txirrindularitzari emango diot garrantzi gehiago. Modalitate biak uztartu daitezke, eta hori izan da beti egin dudana. Baina datorren denboraldian pista errepiderako prestakuntza lez erabiliko dut seguruenik.
Txiki-txikitatik bizikleta munduan murgilduta zaude.
Sei urtegaz Elorrioko Txirrindularitza Eskolako gaztetxoak poligonoan entrenatzen ikusi nituen, eta aitari txirrindularitzan hasi gura nuela esan nion. Orduz geroztik, bi gurpilen gainean nabil.
Aita ere txirrindularia izandakoa duzu. Berak animatu al zintuen bizikletan hastera?
Hasieran aitak ez zuen gura ni bizikletan hasterik. Kirol oso gogorra zela esan zidan, eta berak gurago zuela ni beste kirol batean aritzea. Baina sei urtegaz txirrindularitza eskolan eman nuen izena, eta orduz geroztik niri jarraika dabil.
Alabaren erabakia onartu zuen, beraz.
Bai, ez zuen beste erremediorik, eta aitortu behar dut gehien laguntzen didan pertsonetariko bat dela aita. Ahal duen heinean lasterketa guztietara laguntzen dit, eta beti dago niri animoak ematen. Gainera, bizikletan hasi nintzenetik, txirrindularitza munduan sartuta dabil, eta gaur egun lan asko egiten du kirol honengatik.
Txirrindularitza munduan baduzu erreferenterik?
Nire erreferente nagusia Ziortza Isasi elorriarra da. Elorrioko Txirrindularitza Eskolan hasi nintzenetik ezagutzen dut, eta bere ibilbideari txikitatik jarraitzen diot. Txirrindularitzan bide polita egiten dabil, eta gustatuko litzaidake bere pausoei jarraitzea.
Azken aldian, sarritan entzuten da txirrindulariren bat harrapatu dutela errepidean. Beldurrez irteten zarete errepidera entrenatzera?
Beldur puntu bat beti egoten da. Esaterako, azken aldian, aitak ez dit errepidera bakarrik irteten uzten, taldean irtetera behartzen nau. Baina, entrenatzeko gure tokia errepidea da, eta entrenatu behar dugunean ez dugu beste irtenbiderik errepidera irtetea baino. Gidari eta txirrindulariok elkar errespetatzen badugu, denontzat dagoela tokia esango nuke.