Bosgarren diskoa aurkeztuko du Sermond’s laukoteak, Elorrioko Arriolan

Itsaso Esteban 2017ko eka. 13a, 13:30

Taldearen aurreko hiru diskoetakoak bezala, Elorrion joko ditu Sermond’s taldeak bosgarren laneko kantak, zuzenean, lehenengoz. Barikuan joko dute Arriolan, 22:30ean.

Kontatu dutenez, bosgarren lan hau Zaldibarren aurkeztea zen taldekideen asmoa, “herri horretan jo baitugu gure ibilibidean kontzerturik gehien, eta ezin hobeak izan baitira denak”, Koldo Zubia taldekidearen berbetan. Egutegi kontuengatik, baina, ezin izan dute estreinaldia Zaldibarren egin, eta entseguak egiten dituzten lokalen gaineko Arriolako oholtzatik arituko dira, datorren barikuan.

2016ko urrian eman zuten amaitutzat Libelula aurreko diskoaren bira, eta lan berriaren sorkuntzan ibili dira ordutik. Elorrion, ekainaren 16an, kaleratu berri duten bosgarren diskoko kantak eta taldearen ibilbidekoak izango dira entzungai.

Sei kantako diskoa da barikuan aurkeztuko duten hori. Sermond’s taldearen sei kantuko hirugarren lana. “Gure moduko talde txiki batek disko bat argitaratzea ez da ekonomikoki errentagarria”, azaldu du Zubiak, eta autoekoizpenaren bidetik, disko laburrak dira aukera aproposena. Aitortu du, bestalde, gustuko ere badutela disko laburren formatua: “Diskoari bizitazuna eta taldeari nortasuna ematen dielako”.

Hasiak dira Elorriokoaren ostean etorriko diren diskoaren aurkezpenerako hitzorduekin agenda betetzen. Musikazaleek kanta berriei harrera beroa egitea espero dute, eta zuzenean aritzeko aukera ugari izatea aurrerantzean ere.

Ia hamarkada bat daramate taldeagaz, eta aitortu dute gero eta gehiago kostatzen zaiela astean bi egun lokalean bildu eta taldeagaz aurrera egitea. Baina, hasi zireneko “ilusioa eta gogoa” dituztela diote, tematiak izaten jarraitzen dutela, eta “alboan lo egiten duenaren” laguntzagaz, indartsu darraitela.

Eskualdeko ohiko lekuetan dute Sermond’s-en bosgarren diskoa eskuragai musikazaleek; Durangoko eta Zaldibarko herriko tabernetan, Mañariko U2n, Elorrioko Portalekuan, Atxondoko Ilargin eta Abadiñoko Abarketeruenean. Izan ere, Koldo Zubiak dioen bezala, “jendeak talde txiki batek kaleratu duen diskoa erosteak ematen baitio zentzua diskoak fisikoki argitaratzeari”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!