Musulmanek ilargi egutegiko bederatzigarren hilabetean, egunero, eguzkia irteten denetik sartu arte ez dute jaten eta edaten, ezta harreman intimorik edukitzen ere. "Musulmanontzat Ramadana egiten dugun hilabetea berezia izaten da. Ramadana jainkoari eskertza emateko modu bat baita, guri laguntzeagatik", adierazi zuen Najib Oulad El-Maknassi elorrioko iman eta presidenteak.
Elorrioko plazako frontoian egin zuten "Ramadanak batzen gaitu" ekitaldia jaialdi zabal bat izan zen. Herritarrei euren bizimodua ezagutzera emateko helburuagaz, antolatu zuten ekitaldia. Lehenengo, Ramadana zer zen azaldu zuten, ondoren errezatu egin zuten, eta azkenik, denak afaltzen batu ziren. “Gure kultura elorriarrekin partekatu gura genuen, herri honetan oso pozik gaude-eta”, esan zuen Ouladek.
Bestalde, jaialdian egon zen Idoia Buruaga alkateak horrelako ekintzek herria aberasten dutela adierazi zuen. "Udaletik bultzatzen ari garen parekidetasuna eta kulturaniztasunari indarra ematen diote ekintza hauek", bukatu zuen Buruagak.