Elkartearen 50.urteurren jaian, duela mende erdi odola ematen hasi ziren 59 pertsonak omendu zituzten. “1967an odola eman zuten emaile horiei esker ospatu ahal izan ditugu 50 urte, beraz, guretzako garrantzitsua zen urteurren jai hau ospatzea”, adierazi du Jose Antonio Uriarte Odol Alai elkarteko presidenteak.
Bizkaiko odol-emaile zaharrenetarikoetakoa den elkarteko presidenteak adierazi duenez, Elorrion emaile izateko kontzientzia bat badago. “Urteetan zehar ikusi dugu Elorrioko herritarrek odol-emaile izan gura dutela. Gainera, horrek duen garrantziaz jakitun dira, eta hori oso garrantzitsua da” aitortu du Uriartek.
1.110 odol-emaile
Basauriko elkartearen ostean, Bizkaiko elkarterik zaharrena den Elorrioko elkarteak 1.110 emaile izan dituela 50 urtean jakitera eman du Jose Antonio Uriartek. Egun, berriz, 312 emaile ditu Odol Alaik. “Momentu honetan, 186 odol-emaile gizonezko ditugu, eta 126 emaile emakumezko. Apurka-apurka emaileak gehitzen joatea garrantzitsua izango litzateke”, adierazi du presidenteak.
Omenaldi hunkigarria
Arriola Kultur Aretoan hasi eta duela hamar urte Herriko Plazan jarri zuten monolitoan bukatu zen ekitaldia, “berezia eta hunkigarria” izan zela adierazi du Uriartek.
Ekitaldira bertaratu ziren pertsonek organo eta odol hartzaile baten testigantzak entzun ahal izan zituzten. “Organo eta odol hartzailearen testigantzak ekitaldia berezi egin zuten, eta jendea eskertuta atera zen omenalditik”, bukatu du Uriartek.