"Elorrio paradisua da ondarearen maitaleentzat"

Markel Onaindia 2017ko mai. 31a, 12:16

Atzo egin zuten liburuaren eta ibilbidearen aurkezpena. Irudian, Jesus Muñiz historialaria.

Herriko 9 gurutzeen inguruko liburua argitaratu eta aurkeztu du udalak. Gainera, ibilbide bat ere osatu du, horien bidez historian barrena murgiltzeko. Jesus Muñiz ikerlariak eta Santiago Yaniz argazkilariak landu dute liburua.

2009az geroztik ibili dira Elorrioko bederatzi gurutzeak berrizten, eta Idoia Buruaga alkateak prozesu luze horretan lagundu duten guztiei eskerrak eman dizkie. Mari Paz Revilla izan da zaharberritzearen arduraduna, eta Jesus Muñizek egin du azterketa historikoa. Lan horregaz, liburu bat argitaratu dute -15 euroan salgai dago Iturrin eta Turismo bulegoan-. Mendeetan atzera egin eta Elorrioren iraganean murgiltzeko aukera bat da. Izan ere, XVI. mendekoak dira gurutze guztiak, eta herriko mugak zehazteko erabili izan zituzten. Harrian landutako irudi artistikoak jasotzen dituzte euren baitan.

Oinezko ibilbidea egin ahal izateko, mapa bat ere kaleratu du udalak. Zapatuan -euskaraz- eta domekan -gazteleraz- egingo dituzte lehenengo bisitak, doan, 10:30ean Turismo bulegotik irtenda. Aurrerantzean, kanpotik datozen turistei ere eskainiko diete zerbitzua, hiru euroren truke.

Muñizen arabera, "Euskal Herrian parekorik ez duen multzo bat" osatzen dute bederatzi gurutzeek, eta bisitatzera gonbidatu ditu herritarrak. "Elorrio paradisua da ondarearen maitaleentzat", nabarmendu du. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!