Kirol instalazioak hobetzeko lanean dabiltza Elorrion

Maialen Zuazubiskar 2017ko mai. 25a, 12:20

Kirolak duen garrantzia kontuan hartuta, eta elorriaren kirol jarduera sustatzeko asmoz, herriko kirol instalazioak hobetzeko lanean dabiltza Elorrion. Esaterako, dagoeneko San Jose parkeko frontoia konpondu dute, bertako horma eta lerroak margotuta.

Bestalde, datozen asteetan eskalada horman eta Eleizaldeko futbol-zelaian konponketak egingo dituztela jakinarazi du Elorrioko Udalak. Eskalada hormako instalazioetan prebentziozko lanak egin, eta han dagoen material guztia aztertuko dute. Horrez gain, hormako egituran egon daitezkeen arazoak aztertu eta bertako panelak margotuko dituztela adierazi du Elorrioko Udalak, ohar bidez.

Eleizaldeko futbol-zelaiari dagokionez, aurreko udan aldatutako zelai artifizialagaz izandako zenbait arazori konponbidea jarriko diotela jakitera eman dute. Orain egingo dituzten lanak zelaia aldatu zuen enpresak egingo ditu, inolako kostu gehigarririk barik.

Bestalde, Eleizaldeko aldageletan asteburuetan sortzen den leku faltari aurre egiteko, udalak eta BPXport Kirol Zerbitzuak enpresa akordio batera heldu direla jakitera eman dute. Hortaz, futbol-zelaiko jokalariek udako igerilekuetako aldagelak erabiltzeko aukera izango dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!