anboto.org

Han eta Temp taldeak dira Arriolan Rock programazioko gaurko protagonistak

  Kultura  Elorrio

Elorrioko musikazaleek antolatu duten lau datatako kontzertu programazioaren hirugarren hitzorduan elkartuko dira, gaur, Arriolan. Elorrion egun jotzen diren estiloak bildu gura izan dituzte herritarrek osaturiko programazio horretan; Ayatolah eta Sugoi taldeek jo zuten lehenengo kontzertuan, eta Kalibre taldea aritu zen bigarrenean.

Gaur, Han eta Temp taldeen txanda izango da. Arriolan joko dute, 22:30ean hasita. Taldearen bigarren diskoa izango dena prestatzen dabil Han, eta 2015ean kaleratu zuten lehenengo diskoko kantak ez ezik, azken hilabeteetan konposaturikoak ere joko dituzte, Arriolan.

Gorka Molero Han taldeko gitarristak Aitor Monje berriztarragaz abiatu duen Temp bikotearen lehenengo kontzertua ere izango da, gaur, Elorrion. Kontzertu “oso berezia” izango da Moleroren berbetan. Musika esperimentala eta inprobisatua eskainiko dute gitarrista biek.

“Elorrioko musikazaleek antolaturiko programazioan parte hartu beharra zegoela ikusi genuen Aitorrek eta biok”, dio Molerok. Dioenez, baina, ez dute erabaki gaurkoaren ostean bikote moduan zuzeneko gehiago joko dituzten ala ez.

Yakuzi taldeak elkartu zituen duela dozena bat urte Molero eta Monje. Ordutik, bakoitza beste proiektu batzuetan ere ibili den arren, beti jarraitu dute elkarregaz jotzeko elkartzen. Moleroren berbetan, “musikalki, oso ondo ezagutzen eta ulertzen dugu elkar”.

Taldeko kideek entseguak egiteko ez zutelako kointziditzen, “stand by” egoeran utzi zuten Yakuzi taldea. “Inoiz ez dugu taldea desegin, ezta bukatutzat eman ere. Beraz, edozein monentutan jarri daiteke taldea martxan”, dio Molerok.

Ekainean, laugarrena
Ekainaren 16an amaituko da Elorrioko musikazaleek antolaturiko Arriolan Rock programazioa. Bultz! eta Sermond’s taldeen eskutik, Rock & Roll eta punk doinuek beteko dute antzokia egun horretan. Programazio honetako emanaldi guztietan bezala, bost euroren truke sarrera eta edari bat eskainiko diete bertaratzen diren entzuleei.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa