Europako break dance talderik onenak lehiatuko dira Bilbao Arenan, eta, horrez gainera, kale kulturako askotariko ikuskizunen erakustaldiak ere izango dira. Aurten, Bmx Big Air saiorako, arrapala erraldoi bat atonduko dute Bilbao Arenan, eta baita parkour erakustaldietarako zirkuitu bat ere. Bost euskaldunek parte hartuko dute parkour erakustaldian. Tartean, baita Rush elorriarrak ere.
Europan break dance arloko talderik ezagunenetariko batzuk lehiatuko dira 2017ko Break On Stagen: Fantastic Armada, Flavor Kingz, Team Versus eta Feel The Sound.
Bestalde, urban dance lehiaketaren finala ere burutuko dute, martxoaren 25eko Bilboko jaialdian. Aretxabaletan eta Elorrion jokatu zituzten saioetan sailkatu ziren Hop Family, Legacy Breath, The Jungle, Dale Al Play eta Bamboo taldeek dantzatuko dira saio horretan.
Bilbao Arenako ateak 18:00etan zabalduko dituzte, eta 19:00etan hasiko da aurtengo Break On Stage. Sari banaketa 20:30ean egingo dute, eta Ayax & Prok taldeak joko du, ondoren. Rapa egiten dute Granadako Ayax eta Prok anaiek, eta Blasfem DJak lagunduta jardungo dira Bilbon.