Dantzaz taldeak ‘Harri, orri, ar’ obra estreinatuko du Elorrion

Itsaso Esteban 2017ko mar. 2a, 12:19

Jorge Jauregi, Paolo Mohovich eta Les Vikings taldeko Sara Olmo eta Victor Launay koreografoen pieza bana biltzen duen Harri, orri, ar ikuskizuna ekarriko du Dantzaz konpainiak Elorriora. Zapatuan, 20:00etan estreinatuko dute lan berri hori egoitza Errenterian daukan Dantzaz konpainiako bost nazionalitateko 12 dantzariek.

Les Vikings taldeko Sara Olmoren eta Victor Launayren lana da ikuskizuneko lehenengo koreografia: Historia de un segundo. Segundo bakar batean izan ditzakegun burutazioei buruz dihardu lanak, eta Europako zirku garaikidea eta akordeoiaren soinua ditu osagai.

Complete surrender da bigarren pieza, Jorge Jauregirena. Oreka bilatuz elkar jotzen duten eta besarkatzen diren gorputzak irudikatzen dituzte koreografia horretan dantzariek.

“Sormenaren eta jolasaren aukeren aldarrikapena” da, bestalde, Harri, orri, ar emanaldiko azken pieza. Dantza eta gastronomia uztartzen ditu.

Sukaldarien sorkuntza
Paolo Mohovichen koreografia lana du Harri, orri, ar piezak, eta Euskal Herrian bizi den Enrique Fleischmann sukaldari mexikarraren sormen lana ere biltzen du. Oholtzan baliatzen duten “atrezzo jangarria” —janariagaz egindako paper eta harriak— Fleischmannek eta bere taldeak euskal sukaldaritzako elementuekin egindakoa da. “Jolas tradizionalean bezala, hauskortasunak —paperak— harria garaitu dezakeela” adierazteko, mariachi musika eta zirkuko elementuak ere baliatzen ditu ikuskizunari amaiera ematen dion pieza horrek.

Zapatuko estreinaldiaren osagarri, bestalde, Dantzaz konpainiaren eskutik tailer batean parte hartzeko aukera izan dute, aste honetan, Elorrioko Institutuko DBHko 12 ikaslek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!