Kale dantzen lehiaketa hartuko du Elorrioko Arriolak, zapatuan

Itsaso Esteban 2017ko ots. 16a, 10:10

Elorrioko Arriolan egingo dute, zapatuan, 2017ko Akadantz dantza urbanoen lehiaketa. Gehienak EAE eta Nafarroakoak, 40 talde lehiatuko dira Elorrion.

Beste 40 talde arituko dira martxoaren 4an Aretxabaletan egingo duten Funtzdantz lehiaketan, eta saio horietako bakoitzetik talde bat sailkatuko da Bilboko Break On Stage lehiaketara. “Modalitate hauetan dabiltzan Euskal Herriko talde erreferenteek parte hartzen dute Bilborako txartela lortzeko lehiaketa honetan”, nabarmendu du Imanol Garaizabal Akadantz lehiketako antolatzaileak. Bamboo donostiarrak, Blue Star iruñarrak eta Hop Family bilbotarrak arituko dira, besteak beste sailkapen horretarako duten onena ematen.

Bi parte izango ditu Arriolako emanaldiak; 16:30ean 15 urte arteko dantzarien sailak hasiko dira, eta 19:30ean Break On Stage jaialdirako txartela lortzeko lehiatuko diren helduenak. Hiru kategoriatan lehiatuko dira; 15 urtetik beherakoak arituko dira, batetik; 16 urtetik gorakoak, bestetik; eta bikoteak, azkenik. Bi dantza estilotako askotariko modalitateak izango dira ikusgai Arriolan: batetik, house, hiphop, eta funkya kaleko dantzak, eta bestetik, modalitate esperimentaleko liriko, jazz, eta moderno dantzak.

Bi sari emango dituzte Akadantz lehiaketako kategoria bakoitzean: 300 euroko sari bana jasoko dute urban dance zein esperimentaleko lehenengo sailkatuek, eta 150eko bana bigarren saria eskuratzen dutenek. Urban dance estiloko bi saridunek, gainera, beste sari berezi bat eskuratuko dute: martxoaren 25ean Bilbao Arenan jokatuko den Break On Stage lehiaketan parte hartzea.

Aurten ere, jaialdia sortu zen herrian, Elorrion, autobusa jarriko dute Break On Stage gozatzera Bilbora joan gura dutenentzat. Iaz, lau autobus bete zituzten Elorrioko gazteekin bakarrik. “Gero eta gazte gehiago erakartzen dute dantza mota hauek”, Garaizabalen berbetan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!