‘La Noche Boluda’ Elorrioko gaztetxera zabalduko dute

Aimar Esteban 2017ko ots. 14a, 11:00

Elorrioko gaztetxearen 29. urteurrenaren harira, La Noche Boluda saioa egingo dute eguaztenean. Lehen aldia izango da ekimen hau Durangotik irteten dena. “Durangaldean antzerki zirkuitu txiki bat prestatzea da gure ideia. Horrela, bertaratzen diren artistek beraien ikuskizuna behin baino gehiagotan eta zenbait tokitan egin ahal izango dute”, azaldu du Cecilia Paganinik, ekimenaren antolatzaileak.

La Noche Boludak hilabeteak daramatza Sapuetxe gaztetxean antzezle txiki eta alternatiboei lekua egiten. Orain, Elorrioko gaztetxean egingo dute ikuskizuna. Ahal izanez gero, Durangoko saioetako antzezlanak egitea gura dute Elorrion edo gehitzen diren beste herri batzuetan. “Elorrioko jendeagaz hizketan gabiltza oraindik. Hilabete honetakoa proba bat izango da. Pozik badaude eta lan egiteko prest dagoen taldea ateratzen bada, indarrak batuko ditugu errepikatzeko”, aitortu du Paganinik. “Umorezko antzerki txikien formatu bera egin gura dute, baina izena aldatuko diote. Elkarlanean jarraitu gura dugu, ekimena zabaltzeko”, azaldu du Paganinik. Horrelako ikuskizunak aurkitzea zaila izaten da gure inguruan. “Formatu alternatibo eta txikiek ez dute instituzioen babesik jasotzen, eta horrelako espazioetatik sustatu behar ditugu”, salatu du clown argentinarrak.

Hilabete honetako saioa
Eguenean, hilabetero egiten den saioa egongo da ikusgai Sapuetxen. Oraingoan bi antzezlanegaz datoz La Noche Boludako lagunak. Cía la que tú me haces konpainiaren eskutik, Iñaki Orgamenek, Org.amen,  absurdua eta objektuekin egindako zirku malabarismoa nahasten dituen ikuskizuna eszenaratuko du. Ondoren, Paki Caballerok Un mal día antzezlan laburra aurkeztuko du. Caballeroren ikuskizuna hamabost minutuko clown saioa izango da. Antzezlanak 21:00etatik aurrera izango dira, baina ateak ordubete lehenago irekiko dituzte. Publikoak pintxoak eta edariak izango ditu eskuragarri, gaztetxeko barran. Sarrerak 4 eurotan daude.  

Hurrengo hilabeteetan ere jarraituko dute La Noche Boludaren ikuskizunek. Martxoan Los hermanos Bolingas, eta apirilean Badut taldea izango dira ikusgai. Ekainean kabaretagaz amaituko dute kurtsoa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!