Marian Gallastegi: “Babesleku bat da niretzat liburutegia. Ume batzuentzat ere hala izan da”

Aitziber Basauri 2017ko ots. 12a, 10:00
Marian Gallastegi Errazti

Azken hamar urteetan “babesleku” izan duen eskola liburutegian hartu gaitu Marian Gallastegik. Urduri. Oraindik “ur gaineko bitsetan”. Pozik. Jubilatu berri da, Elorrion kasualitatez hasitakoa. Mertxe Erizegaz hasi zen irakasle, biak egun berean, eta biek jaso dute agurra urtarrilaren 19an. Tableta eta Kirmen Uriberen liburu bat ditu poltsan.

Urteak eman dituzu Elorrioko eskolan.
Txiripaz sartu nintzen, 21 urtegaz. Umetako laguna nuen mutil bategaz egin nuen magisteritza, eta berari deitu zioten. Baina, orduan, ikasketak bukatuta soldaduska egiten zuten. Berak ezin zuenez, nire izena eman zuen. 38 urte egin ditut; azken hamarrak eskola liburutegian.  71n lehenengo ikasleak izan nituenekin harreman oso ona dut. Urtero afaria egiten dugu.  

Ematen du zure ondotik ez dela liburuzainik egongo.
Ekainera arte, ordezkoa egongo da. Esan digutenez, jubilatzen goazen neurrian gure lanpostuak ordezkatuko dituzte, eta hurrengo ikasturtean, liburuzain lanpostua eskainiko dute. Baina, bertan irakasle den batek hartu beharko du, eta lanaldi erdikoa izango da. Irakaskuntzan eta liburutegian jardun beharko du. Dena den, ez dago ezer idatzita inon. Nik jarduera osoa egin dut, eta eskola ordutegitik kanpo ere egon naiz, 16:00etatik 18:00etara. Etxeko lanak egitera etorri dira batzuk, laguntza behar dutenak, gustoz, gurasoak... Bazkalostean ere egon naiz. Luxua da. Premiazkoa deritzot, eta araututa egon beharko luke.

Luxua dela diozu.
Bai horixe. Batzuok badugu liburutegia, baina araututa egon beharko luke. Eskola liburutegia bezala, informatika, plastika eta ingurumen programak ere sortu zituen administrazioak duela 20 urte, baina, gero, hiltzen utzi ditu. Ermuan, pertsona bat urteetan aritu zen ingurumena lantzen. Durangoko Landakon, berriz, eskola liburutegia eta plastika programak galdu dituzte.

Elorrion galduko dute?
Ari naiz animatzen eutsi diezaioten, eta irakasleek ere premiazko ikusten dutela esango nuke, baina esfortzua eskatzen du. Administrazioak apustu honi eusten ez badio, irakaslegoa antolatu beharko da, edo Guraso Elkarteak egin beharko dio aurre. Hiltzen uztea penagarria litzake. Urteetan trebatu gaituzte, informatikoki liburutegia nola erabili ikasi dugu... eta orain, zer?

Irakurzale amorratua zara?
Beti gustatu zait. Baina, haur literaturaz ez nekien larregi, eta liburuzain lana aurkikuntza izan da. Adin guztietako umeei gustatzen zaie ipuinak entzutea, nagusiei ere bai. Pixka bat prestatutako irakurketaren aurrean liluratuta geratzen dira. Zer esan txikiak! Oso gustura egon naiz.

Pasadizorik?
4-5 urtekoekin itzelak egin ditut. Bizipenak asko dira.

Zein liburu duzu mesanotxean?
Elkarrekin esnatzeko ordua. Oso gogoko dut Kirmen Uribe. Hurbila da. Lehenengo lanagaz harritu ninduen; poema liburu hura umeekin erabili dut. Bere lan denak irakurri ditut.

Bera duzu gogokoen?
Ez dut bat bakarra. Bernardo Atxagaren jarraitzaile amorratua izan naiz, eta Sarraionandia ere oheburuko idazlea nuen. Gaztetan irakurtzen nituen hauek asko. Saizarbitoria ere ona dela uste dut. Emakumeen artean, Miren Agur Meabe gustatzen zait, eta Katixa Agirre. Belaunaldi berri oso indartsua dator. Poztekoa da. Behar genuen. Berdin ari da gertatzen haur literaturan: Alaine Agirre, Arrate Egaña... Gaztelaniaz, Saramago dut gogokoen.

Liburuen artean?
Ezin esan. Firmin. Liburutegi batean bizi den sagua da Firmin, liburuak janda irakurtzen ditu. Hamar urte dira liburua hartu nuela. Ahaztuta nuen, eta agurra egin zidatenean agertu zen berriro.

Zer iradokitzen dizu liburutegi honek? Eta liburuek?
Babesleku bat da niretzat. Ume batzuentzat ere hala izan da. Sekretu asko kontatu dira hemen. Gauza askotaz hitz egin dugu. Hemen eroso sentitzea gura izan dut, eta autonomo izatea. Liburuek? Ikasteko balio dute, hausnartzeko... Bizipoza dira.

Liburuak ordezkatuko ditu teknologiak?
Ez dut uste. Liburua usaindu, azpimarratu, idatzi... egin daiteke. Ukitu egiten da, sentitu... norbaiti utziz gero, konpartitu. Hala ere, ez nago teknologiaren kontra. Zenbateraino erraztu dizkigun gauzak!

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!