‘Armairuan’, Elorrioko otsaileko dokumentala

Itsaso Esteban 2017ko ots. 7a, 10:10

2015ean Herbeheretan ekoitziriko Armairuan filma emango dute bihar, 19:30ean, Elorrioko Iturri kultur etxean. Ingelesezko eta txinerazko jatorrizko bertsioa eskainiko dute, gaztelaniazko azpitituluekin.Sophia Luvará italiarrak zuzenduriko dokumentala da, eta Andy eta Cherry gazte txinatarrak dira protagonistak.

Andy Shangain bizi den arrakasta handiko arkitektoa da. Gizonak gustuko dituen arren, familiaren “ohorea” bere sentipenen eta askatasunaren gainetik jarrita, emakume bategaz ezkontzen da. Cherry homosexuala den mutil bategaz ezkonduta dago, eta ume bat adoptatzera doaz. Gazte biek beraien askatasunaren eta kulturalki ezarritako estereotipoen talka zelan bizi duten kontatzen du dokumentalak.

Ohiko zinema-aretoetan ikusteko aukerarik izaten ez den zinema dokumentala ikusteko aukera eskaintzen du, 2009. urtetik, Hileko Dokumentala izeneko ziklo honek, Elorrion. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!