Munduko kopan lehenengoz parte hartuko du Ziortza Isasik

Joseba Derteano 2017ko ots. 6a, 09:00

Ziortza Isasi (1995, Elorrio) bere ibilbideko denboraldirik ilusionanteenaren atarian dago. Errepidean zein pistan erronka berri eta inportanteak ditu aurretik. Pistari dagokionez, munduko kopako proba batean estreinatuko da otsailean. Errepidean, aldiz, estatuko talderik indartsuenetakoa den Lointek taldeagaz ibilbide berri bati ekingo dio.

Durangaldeak ordezkari bi izango ditu otsailaren 17tik 19ra Kolonbiako Cali herrian jokatuko den munduko kopako proban: Ziortza Isasi eta Illart Zuazubiskar abadiñarra. Zuazubiskarrentzat ez da nobedadea izango, baina Isasirentzat, bai. Nobedadea izanagatik, ez da sorpresa elorriarra taldeko jazarpeneko laukoteko partaide izatea. Iaz Espainiako txapelketan urrezko hiru domina eta zilarrezko bat —horietako bi 23 urtez azpiko mailan— irabazi zituen, eta Espainiako selekzioko hautatzaile Salvador Meliak orduan ere berarengana jo zuen. “Prest egoteko esan zidan. Normalean errepideko denboraldia martxo inguruan hasten da, eta abisatu ezik gaitza da sasoian egotea. Beraz, prestaketa aurreratu egin dut aurten”, azaldu du Isasik.

Gloria Rodriguezek, Ane Iriartek, Marga Lopezek eta laurek zer eman dezaketen aurreikustea gaitza da. Lesioen eta azken orduko aldaketen ondorioz, oraindik ez dira elkarregaz behin ere aritu. Beraz, helburu zehatzik barik doaz . “Ahalik eta ondoen lehiatzea da helburua”.

Lointek-egaz salto bat
Lointek taldeak barikuan izan zuen denboraldiko aurkezpena, eta hantxe izan zen Isasi. “Salto berri bat” emateko aukera “gogotsu” hartu duela dio. “Estatuko talderik garrantzitsuenetakoa da.
Oraindik ez dakit zehazki zein izango den nire lana. Datozen egunetan argituko didate”, gaineratu du.

Pista eta errepidea. Modalitate bietan pauso sendoak ematen ari da, eta oraingoz ez du bat bestearen gainetik jartzeko asmorik. “Orain arte pistan heldu dira nire lorpenik onenak, baina biak gustatzen zaizkit, eta biak ahalik eta ondoen uztartzen saiatuko naiz”, segurtatu du txirrindulari elorriarrak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!