Salazar: “Islatu gura duzuna transmititzea lortzeak, horrek egiten du berezi bitxi bat”

Anboto 2017ko urt. 29a, 10:00
Amagoia Salazar Bilbao 'Amabitxiak' artisau-bitxigintza

Bilbon egin zuen ikastaroan eman zituen lehen urratsak bitxigintzan Amagoia Salazarrek. Hala ere, Madrilen osatu zituen ikasketak. 20 urte dira horretaz. Ordudandik bitxigintza hartu du ogibide urte askoan Kanariar Irletan bizi izan den elorriar honek.  Azoketan eta sare sozialen bidez jasotzen ditu enkarguak. Urtebete da Arbaso elkarteko kidea dela.

Pazientzia eta ordu asko eskatzen ditu bitxigintzak?
Pieza txikiekin ari gara eta horrek pazientzia eskatzen du, bai, baina, gustura egiten denean sortzen da pazientzia.  

Zilarra, urrea, brontzea... zein duzu gustukoen lanerako?
Zilarra. Baina, azken urteetan garestitzen joan da, eta kobrea sartzen hasi naiz. Biek gogortasun eta lantzeko era berdintsua dute, eta merkeagoa da kobrea. Horrek, alergiak direla-eta, mina ematen duela ere egia da, eta horregatik biak konbinatzen ditut: zilarra erabiltzen dut azalagaz kontaktuan dagoen zatian, eta gainontzekoan, kobrea. Probak egiten nabil.

Zergatik zilarra?
Ez dakit! Koloreagatik, lantzeko biguna delako... urrea, adibidez, guztiz kontrakoa da, oso gogorra da. Baita alpaka eta letoia ere. Zilarra eta kobrea dira bigunenak lantzeko.

Eta jendartean, zeinek du arrakastarik gehien?
Nire inguruan, zilarrak. Kalean saltzen ibiltzeko, urrea edo gemak —harribitxiak, oro har— erabiltzea oso arriskutsua ere bada, oso preziatuak diren arren. Izan dut inoiz esperientzia txarrik.

Urreak, gainera, gero eta aukera gehiago ematen ditu...
Bai. Gaur egun, urre beltza, zuria, arrosa... dituzu.

Berezia izateko, zer behar du bitxi batek?
Islatu gura duzuna transmititzea lortzeak, horrek egiten du berezi bitxi bat. Balio bikoitza du bitxiak: ekonomikoa eta sentimentala. Nik azken hori lantzen dut gehien bat: gura dudan hori transmititzen jakitea da garrantzitsua, horri ematen diot balioa. Urre edo diamantez egindako bitxi batek ekonomikoki balio handiagoa izango du, dudarik ez! Baina, alde sentimentalari ematen diot nik balioa: maitasunez egina izateari eta bitxi horregaz islatu gura dudana ulertarazteari.

Hori da zailena?
Ez dakit, ba! Niri bihotzez ateratzen bazait...

Elorrioko souvenirrak izango diren pieza bi zeuk sortutakoak dira. Pozik?
Bai, oso pozik! Artisau legez egindako lanari halako aitortza da. Zabaldutako ustea da kalean saltzen dugunok ez dugula lanik egiten. Ez da horrela. Atzean lan handia dago.

Zintzilikario bat eta brotxe bat egin dituzu. Zer transmititu gura izan duzu?
Zintzilikarioan Argiñeta islatu dut, Elorrioko harribitxia. Elorrion denok ezagutzen dugu estela hori, eta Euskal Herrian ezagutarazi behar dela uste nuen. Brotxea, berriz, elorri hostoa da; herriaren izena zuhaixka horretatik dator eta aproposa iruditu zitzaidan. Zilarrezkoa da zintzilikarioa eta kobrezkoa brotxea. 500 euro jaso ditut ematen duen beste oroigarri egiteko, eta gura nuke gustukoa izatea, gehiago eskatzea (barrez).Turistek eta elorriarrek ere erostea espero dut.

Baduzu zuk bitxi kutunik?
Nik egina ez. Amamaren eraztun bat daukat kutunena.

Zein izan da egin dizuten enkargurik arraroena?
Kanarietan bikote batek egindakoa. Ezkondu zirela 50 urte zirela ospatzeko, botila bat ardo ireki zuten, beraientzat oso berezia zena, eta haren kortxoagaz zilarrezko giltzatako bat egitea eskatu zidaten. Balio ekonomikorik ez du kortxoak, baina, sentimentalki, oso esanguratsua zen beraientzat.

Kanarietan bizi izan zara urteetan. Aldea egongo da!
Bai. Bakoitzak bere gauza onak ditu! Bitxigintza ikasketak amaituta joan nintzen, eta duela hiru urte etorri nintzen; familiak, lagunak.. asko tiratzen du. Bitxigintza hastapenak bertan egin nituen; artisau lez han egin dut lan gehien. Udaro etorri naiz, eta azoketan ibili naiz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!