Irakurzale gazteak saritu dituzte

Anboto 2016ko abe. 19a, 13:24

Joan zen barikuan egin zuten Elorrioko liburutegiak antolatzen duen irakurketa lehiaketaren 22. edizioko sari banaketa ekitaldia. Gutxienez bi liburu irakurri eta irakurritakoaren inguruko fitxa bat bete behar izan dute lehiaketaren parte hartzaileek, eta baldintza horiek bete dituzten guztiek jaso dute saria.

Lehiaketaren epaimahaikoen iritziz kalitate handienekoak izan diren fitxen egileek sari berezia jaso zuten barikuko sari banaketan; liburu-dendan erabiltzeko 20 euroko 14 bono banatu zituzten.

Liburutegiaren arduradunek azaldu dutenez, 69 umek hartu dute parte Elorrioko 22. irakurketa lehiaketa horretan. Antoatzaileek jakitera eman dutenez, parte hartu dutenen %82 neskak izan dira, eta irakurri dituzten liburuen %76 euskarazkoak.

Liburutegiak antolatzen duen orri-markagailu lehiaketaren irabazleari, Inge Fondadori, ere saria eman zioten. Antolatzaileek azaldu dutenez, Elorrioko Institutuko eta Lourdesko Ama ikastetxeko 163 ikaslek parte hartu dute, aurten, lehiaketan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!