Aida Nuño eta Ismael Estebanek irabazi dute Elorrioko ziklo-krosa

Anboto 2016ko abe. 10a, 16:34

Jon Munitxa abadiñarra hirugarren sailkatu da 23 urtez azpiko mailan.

Egun eguzkitsu eta epelak lagunduta, jende asko batu du Elorrioko ziklo-krosak gaur goiz osoan zehar. Elite mailan faborito zirenek irabazi dute. Emakumeetan Aida Nuño nagusitasunez gailendu da (45.37). Espainiako Kopako lasterketa denak irabazi ditu orain arte. Alba Teruel (46.32) eta Alicia Gonzalezek(46.43) osatu dute podiuma.

Gizonetan Ismael Esteban Espainiako Kopako liderrak irabazi du (1.02.07). Valentziako azken lasterketaren faltan, Elorriora etorri aurretik baino alde handiagoa ateratzen die aurkariei. Felipe Orts valentziarrak eta biek lehia estua mantendu dute hasierako itzuli bietan. Hirugarrenean kantabriarrak aldetxoa atera dio valentziarrari eta amaierara arte eutsi dio. Azkenean 19 segundoko aldea egon da bien artean. Aitor Hernandez geratu da hirugarren: 1.03.53.

Azpimarratzekoa da Eiser-Inforlur taldeko Jon Munitxa abadiñarraren lana ere. 23 urtez azpiko mailan hirugarren geratu da (Orts eta Gossarden atzetik) eta sailkapen orokorrean bederatzigarren.

Kadete mailan hirugarren amaitu du Iurretako CAF Engineering taldeko Amaia Lartitegik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!