Ikus-entzunezkoen eta musika elektronikoaren I. jaialdia, Elorrion

Itsaso Esteban 2016ko aza. 24a, 10:15

Ikus-entzunezkoak eta musika elektronikoa ardatz hartuta antolatu dute Ikus jaialdia, Elorrion, lehenengoz. Arriola antzokian eta Ateneoan izango dira jaialdiko emanaldiak, zapatuan.

Bi emanaldi izango dira Arriola antzokian: Bartzelonako Alba G. Corral artista arituko da, 21:00etan; eta Mira, Un Lobo talde lisboarra eta Elorrioko Logela Multimedia, 22:00etan. Summum Art-en eta Kaiet-en lana, berriz, Ateneoan izango da ikusgai, 21:30ean: Fhormak ikuskizuna eskainiko dute, naturaren elementuak eta sorkuntza digitala uztartzen dituen “zentzumenentzako bidaia”. Ateneoan, DJ Kaiet eta DJ Yonen doinuekin emango diote amaiera jaialdiari.

Berezia izango da Mira, Un Lobo talde lisboarrak Ikus jaialdian eskainiko duen kontzertua. Izan ere, Elorrioko Logela Multimedia taldeagaz kolaboratuko du emanaldi horretan. Ikus jaialdirako espresuki sortu duen Huts instalazioa eskainiko du Logela Multimediak, zapatuan: “Mira, Un Lobo taldearen zuzeneko emakizunean proiekzioak eta argiak manipulatuko ditugu, mugimenduan dagoen eskultura baten gainean hutsuneak eta itzalak nabarmenduz”, azaldu du Imanol Garaizabal Logelako kideak. Lehenengoz jardungo da Mira, Un Lobo taldeko Luis de Sousa artista bere bandagaz Euskal Herrian. Imanol Garaizabal Logela Multimediako kideak azaldu du zelan sortu den Elorrioko eta Lisboako artisten arteko kolaborazio hori. “Artista portugaldar horren musika gustuko dugu, eta beragaz harremanetan jarri ginen kolaborazio hau burutzea proposatzeko. Gure lanak erakutsi genizkion, eta baiezkoa eman zigun”.

Antolatzaileek azpimarratu dutenez, musika elektronikoa eta ikus-entzunezkoak uztartzen dituzten hau bezalako jaialdiak ez dira ohikoak gurean, are gutxiago antzokietan. Arriolako kideekin batera jaialdia antolatzen ibili den Imanol Garaizabal Logelako partaidearen berbetan, “arte bisualari eta musika elektronikoari balio eszenikoa emateko aukera bat da, gau batez klub eta areto txikietatik atera eta patxadaz gozatzeko publiko orokorrarentzako aukera paregabea”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!