Sei egunez mendia protagonista Elorrion

Aimar Esteban 2016ko aza. 8a, 10:18

Elorrioko Erdella mendizale taldeak antolatutako mendi asteari hasiera eman zioten, atzo, Iñigo Iruretagoienaren hitzaldiak eta ’74 egun Himalaia zeharkatzen’ dokumentalaren proiekzioak.

Iñigo Iruretagoiena mendizale getxoztarrak Himalaian zehar bizi izandako abenturaren nondik norakoak azaldu zituen mendi asteko lehen jardunaldian. Ordubete baino gehiago irauten duen ikus-entzunezkoak Himalaiatik egindako zeharkaldia kontatzen du.

Kamera eskuan zuela, bakarrik egindako ibilbidea izan zen. “Kamera oso garrantzitsua izan zen niretzat, nire lagun bihurtu zen”, azaldu zuen Iruretagoienak. Dokumentala narrazio pertsonal bat da, off ahotsaz emandako azalpenak lehen pertsonan kamerari begira ematen dizkion azalpenekin nahasten dira. Umorez egindako narrazioa dela aitortu zuen Iruretagoienak: “Kamera bati hitz egiten egoteak askotan lelokeriak esatea dakar, baina, aurrera egiteko indarrak ematen zizkidan”.

Momentu gogorrak bizi izan zituen eguraldiarekin zein bere osasunarekin arazoak izan zituelako. “Lekuetatik pasa ondoren mapak erretzen nituen”. Bidai paregabe eta ikusgarri honetan “bertako jendearekin egotea nahi nuen, alde turistikotik aldenduta”.

Elorrioko Iturri kultur etxea bete egin zen mendi asteko lehen jardunaldian. Aste osoan zehar mendizaletasunari buruzko solasaldiak izango dira ikusgai Elorrion. Hitzaldiak Iturri Kultur Etxean bertan zein Gaztetxean izango dira, 19.30ean.

Astean zehar, 18:00etatik 19:30era arte Iturri Kultur Etxeko lehenengo solairuan bigarren eskuko mendi materialaren merkatua eta urteko argazki erakusketa izango dira.

Gaur, Oihana Kortazarrek mendi lasterketei buruz hitz egingo du kultur etxean. Bihar, Jairo Treceñok eta Ruben del Riok harkaitza eta ura izango dute ardatz Gaztetxean. Eguenean, Xanti Ugarte espeleologiari buruz arituko da. Eta bukatzeko, barikuan, Alberto Ceberiok mendia segurtazunez gozatzeko hitzaldia emango du.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!